Peña II.ak jokatuko du Buruz Buruko txapelketa Larrazabalen aurka garaipen argia lortuta (22-9)
Jon Ander Peñak asteazkenean aurkeztuko den Buruz Buruko txapelketa jokatuko du, ostiral honetan, Bastidan, Iker Larrazabalen aurka kanporaketa irabazi ostean. Amurriokoak tanto politak egin ditu, baina ezin izan du behar zuen bezala defendatu.
«Oso pozik nago, helburua txapelketan egotea zen. Banaka jokatzea ahal dudala erakutsi nahi dut». Hauek izan dira Jon Ander Peñaren lehen hitzak Iker Larrazabali Buruz Buruko kanporaketan irabazi berritan (22-9). Tolosarrak Binakako Txapelketa ona egin du Albisurekin batera, finalerdietako ligaxka oso gertu izan dutela. Eta orain banakakoan bere maila erakusteko aukera izango du, asteazkenean aurkeztuko den Buruz Burukoan izango baita gipuzkoarra.
Denek ematen zuten Peña II.a faboritotzat, nahiz eta oso portzentaia handian ez izan, Larrazabalen aurka. Eta hasierako tantoek erakutsi dute oreka egon zitekeela bi pilotarien artean. Izan ere, nahiz eta tolosarra 4-0 aurreratu den markagailuan, Larrazabalek segituan lortu du neurketa berdintzea. Tanto luze eta nekagarri batek ipini du 4-4koa, baina gipuzkoarrak aurkariak emandako erraztasunak –sakez bi tanto lortu ditu eta beste bi huts egin ditu amurrioarrak– bikain aprobetxatu ditu berriro ere alde egiteko (8-4).
Peña beraren huts batek eman dio hurrengo tantoa arabarrari, baina beste takada bat lortu du gipuzkoarrak lehen atseden luzera 12-5ekoarekin iristeko. Tartean, ezin da ukatu Larrazabal modu ezberdinetan saiatu dela mina egiten aurkariari. Adibide gisa, 9-5ekoa izan da: arabarrak paretatik egin du sakea, normalean zabaletik egiten den bitartean. Ez du aprobetxatu eta pixkanaka beherantz egin du mentalki.
Oraindik ere tanto ederren bat egiteko aukera izan du arabarrak, 13-7koa –bi pareta urrutitik– edo 16-8koa bezala –txokoan indartsu–, baina Peñak, orokorrean, baliabide gehiago erakutsi ditu distantzia honetarako eta 22. kartoiraino iritsi da ezustekorik gabe.
Gauzak hala, tolosarra Lehen Mailako Buruz Burukoan izango den bitartean, Larrazabalek aukera ugari ditu Promoziokoan edo Series B-an aritzeko. Hasteko, larunbat honetan bertan Albisurekin arituko da, Lekeition, Artola-Arangurenen aurka jaialdia irekiz. Bigarren partida Buruz Buruko beste kanporaketa izango da: Urrutikoetxea-Bakaikoa. Irabazlea txapelketan izango da baita ere.
PARTIDAKO FITXA:
Peña II.a: 22
Larrazabal: 9
Pilotakadak: 180. Iraupena: 42:32. Markagailua: 4-0, 4-4, 8-4, 8-5, 12-5, 12-6, 13-6, 13-7, 16-7, 16-9 eta 22-9. Sakez egindako tantoak: 7 Peña II.ak eta 2 Larrazabalek. Jokoan egindako tantoak: 8 Peña II.ak eta 6 Larrazabalek. Galdutakoak: 1 Peña II.ak eta 7 Larrazabalek. Gertakariak: Giro ona Bastidako pilotalekuan Buruz Buruko kanporaketako partida hau ikusteko. Eneko Labaka izan da Peña II.aren botileroa, eta Iosu Eskiroz Larrazabalena. Lehen sakea, urdin.