INFO

Bakegileen aurkako epaiketa salatzera deitu dute Sarek eta Etxeratek martxoko azken ostiralean

Luhusoko armagabetzearen harira apirilaren 2 eta 3an Beatrice Molle-Haran eta Jean Noël ‘Txetx’ Etxeberri epaituko dituztela salatzeko heldu den asteazkenean Euskal Herriko zazpi hiriburuetan eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute Sarek eta Etxeratek.

Gernikan egindako elkarretaratzearen irudia. (@SareGernika)

Martxoko azken ostirala izanik, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarria Euskal Herriko plazetara eraman zuten beste behin Sarek eta Etxeratek. Oraingoan aipamen berezia egin zioten apirilaren 2 eta 3an Beatrice Molle-Haran eta Jean Noël ‘Txetx’ Etxeberriren aurka Parisen iraganen den epaiketari.

2016an Luhusoko armagabetzearen harira auziperatutako bi bakegileak errugabetzeko eskatu zuten Sarek eta Etxeratek beren mobilizazioetan. «Euskal Herriak denbora luzeegian ezagutu duen konfrontazio egoera baten ondorioei aterabidea eman eta konponbide eta elkarbizitzarako borondate keinu bat bezala ulertuko litzateke», nabarmendu zuten.

Hala, martxoaren 16an Luhusotik bertatik eragile ugarik –tartean Sare eta Etxerat ziren– eginiko deialdia gogoratu eta apirilaren 3an epaiketa hau salatzeko Euskal Herriko zazpi hiriburuetan eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean eguerdian izango dira protestak, udaletxeen aurrean. Baionan, Donibane Garazin eta Maulen, aldiz, arratsaldeko 19.00etan izango dira hitzorduak, herriko etxeen atarian baita ere.

«Euskal gizartearen inplikazioa beharrezkoa izan da eta izango da, bai gai honetan bai, oro har, herri honek bizi duen gatazkaren konponbiderako beharrezko diren eginbideetan: hala nola, biktima guztien aitortzan, memoria eta egiarako eskubidean, baita oraindik preso edo erbestean dauden pertsonen etxeratzean ere», aldarrikatu zuten.

Ildo horretan, «elkarbizitzari ateak irekitzen» jarraituko dutela eta «salbuespenezko espetxe politikaren atea behin betiko ixteko» ere lanean segiko dutela hitz eman zuten Sarek eta Etxeratek: «Iraganean betikotu nahi gaituzten ateak itxi eta etorkizuneko ateak irekitzen jarrai dezagun».