INFO

Gazteon Eskutik ekimena ontzat emanda, «aldaketen aroa» martxan jartzera doa Ernai

Lezon ostiral eta larunbatean «milaka gazte independentista» elkartu zituen Gazteon Eskutik Ekimenaren balorazio positiboa egin du Ernaik, baina, orain, lanean jarraitzea dagokiola adierazi du. «Gazteok eztabaidaren erdigune politikoa hartu behar dugu», berretsi du.

Gazteon Eskutik ekimenaren ekitaldi nagusia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lezon «milaka gazte independentista» elkartu dituen Gazteon Eskutik ekimenaren balorazio positiboa egin du Ernaik, ostiral eta larunbatean egindako topaketak erakutsi baitu, bere ustez, gazte antolakundeak udaberriro antolatzen duen ekimenak «gero eta emankorragoak» direla. Orain, baina, «gazte udaberria hedatzeko» momentua dela sinisten du, eta lanerako prest dagoela segurtatu du.

«Gazteok bizitza duinak lortzeko ahalmena eta erabakimena behar dugu eta horretara bidean herri eta auzoetako bazter guztiak hartuko ditugu, gazte fronte bat eraikitzera goaz», berretsi du Ernaik prentsara igorritako ohar batean.

Lezon, larunbat arratsaldeko ekitaldi politiko nagusian adierazi zutenez, gazte antolakundearen itua argia da: eztabaidaren erdigune politikoa hartu nahi du, gazteek proposamen propioak egin eta «aldaketen aroa» martxan jarri dezaten.

«Hau guztia Euskal Herrian egingo dugularik, independentistak garelako eta horretarako aukera dagoelako. Bide horretatik amesten dugun Euskal Herri aske, sozialista eta feministatik inoiz baino gertuago gauden honetan, prozesu independentista loratzea ere badagokigu», adierazi du, Iruñean EH Bilduk egin duen Aberri Egunean parte hartu ostean.