INFO

Eskaladaren bederatzigarren esfera ohikoa egin da haurren artean

11 urteko Leo Cea txiletarrak ‘Tecnoking’ bidea sinatu du; 9a maila egiten eskalatzaile goiztiarrena bihurtu da. Bien bitartean, David Bermudezek (14 urte) bere bigarren 9a kateatu du.


Haur zein nerabe eskalatzaileek urteak daramatzate bederatzigarren esferan goi mailako jarduerak egiten. Garai batean, eskaladaren komunitatea ahoa bete hortz uzten zuten; egun, berriz, egoera hori normalizatu da. Gero eta gehiago dira hedabideen azaletan agertzen direnak, eta azken asteotan bi umegorri protagonista bihurtu dira: Leo Cea txiletarra eta David Bermudez espainiarra.

Haien eskaladen inguruko irudi estatiko batzuk baino ez ditugu, eta, hortaz, zaila egiten da hurbiltzea haur eta nerabe horien jardunetara. Argi eta garbi utzi dute 9a zailtasuneko bide bat biribiltzeko gaitasuna dutela. Hots, berezko ezaugarriak dituzte: pisu gutxi, malgutasuna, erresistentzia… Alabaina, fisikoki oraindik hazten eta garatzen ari dira, eta, normala denez, badituzte «hutsune» batzuk: indarra, eskarmentua…

Neurri handi batean, argitaratzen dugun bideoak aipatu dugun guztiaren ertz batzuk ukitzen ditu. Azaltzen den eskalatzailea ez da lerrootako protagonistetako bat. 12 urteko Theo Blass frantziarra dugu, eta irudi jarrai horietan ‘Trip Tik Tonik’ ibilbidean (9a) eginiko lana ikusten da. Argitaratu berri den bideo hori interesgarria iruditzen zaigu haur horien jardunak pixka bat ulertzeko.

Baina itzuli gaitezen txiletarraren eta espainiarraren bi eskalada horietara. Ceari dagokionez, aurreratu behar dugu joan den martxoan Las Chilcasen (Txile) ‘Tecnoking’ (9a) kateatu zuela. Bada, maila hori egiten eskalatzaile goiztiarrena bihurtu da. Besteak beste, Blassi berari ohore hori kendu dio.

Berez, Alemanian jaio zen (hango herritartasuna ere badu), baina eskaladaren mundua batez ere Txilen ezagutu du. Maiz gertatzen den bezala, Ceak jolas bat bezala hartu zuen eskalada. Duela pare bat urte, 6b mailako bide bat egiteko gai izan zen. Garai haietan ia bide guztiak oinutsik egiten zituen. Iaz, berriz, rokodromo batean bere egungo entrenatzailea ezagutu zuen: Daniel Serman. Urtebete baten buruan, 8a-tik 9a-ra igaro da. Hain zuzen ere bederatzigarren esferan sartzeko ‘Tecnoking’ aukeratu zuen.

Tartean, Las Chiclasen dagoen ‘Si lo perros ladraran’ igo zuen. Marra horrek ‘Tecnoking’-eko azken metroekin bat egiten du. Ageriko sekuentzia denez, 11 urteko haur hori bideak dituen 70 mugimenduak probatzen hasi zen. Baina garaiera txikia (1,37 m) duenez, beste mugimendu batzuk gehitu behar izan zizkion. Denera, udako oporretan hamaika bisita egin dizkio ‘Tecnoking’-i, eta soilik 25 ekinaldi behar izan ditu arrakasta handi hori lortzeko. Haurraren lehen 9a izateaz gain, marraren lehen errepikapena izan da.

Bigarrena

Txileko eskalatzaileak udako oporrak izan dituen bitartean, Bermudezek Aste Santukoak aprobetxatu ditu ‘Victimas Perez’ (9a, Margalef) kateatzeko. 14 urteko madrildarrak bide horren errepikapen goiztiarrena lortu du.

Bermudez ere ibilbide oso interesgarria egiten ari da. Joan den otsailean, adibidez, bederatzigarren dimentsioan sartu zen Perleseko bide enblematiko bat sinatu eta gero. ‘Esclatamasters’-i buruz ari gara.

Orain, berriz, Margalefeko ‘Victimas Perez’ patrikan sartu du. Marra gogorra; gutxi gorabehera, 70 mugimendu dituena. Bide horren mugimenduak oso gustuko zituenez, Aste Santuko oporretan proiektu bezala hartu du. Eta soilik lau eguneko lana eskatu dio. Hasierako mugimenduek buruhausteak eragin zizkioten, baina, ondoren, horiek guztiak menderatu eta katera erorikorik gabe heltzeko ez zuen ia arazorik izan.