INFO

Palestinarekin elkartasunez mobilizatuko dira Iruñean maiatzaren 18an, Nakbaren urteurrenean

«Gatazkaren errealitatea gizarteratzea eta salatzea» nahi du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, «Hamasen aurkako gerraren narratibari aurre egitea» eta «Israelek Palestinaren aurka egindako kolonizazio, apartheid eta garbiketa etnikoa 75 urte baino gehiagoz luzatzen dela» salatzea.

Azaroaren 11n ere mobilizazioak egin zituen Palestinarekin Elkartasuna plataformak. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Palestinarekin Elkartasuna plataformak «mobilizazio nazionala» deitu du maiatzaren 18rako Iruñean, Nakbaren 76. urteurrenaren harira, «Palestinarentzat Israelgo Estatuaren sorrerak ekarri zuen hondamendia» gogora ekartzeko.

Egun honetan hainbat ekimen egingo dira mundu osoan. Ohar batean azaldu dutenez, mobilizazioak bi ardatz izango ditu: «Lurralde historiko osoan Palestina askea aldarrikatzea eta gobernuek, enpresek eta alderdi politikoek Israelgo Estatuarekin dituzten konplizitateak salatzea».

Plataforma joan den urrian sortu zen, «Gazako Zerrendaren aurkako erasoak areagotzearen eta Palestina osoan genozidioa areagotzearen aurka, Palestinarantz elkartasuna bideratzeko helburuarekin».

Manifestazioa baldintza beretan egingo da. «Gatazkaren errealitatea gizarteratzea eta salatzea» nahi dute, «Hamasen aurkako gerraren narratibari aurre egitea» eta «Israelek Palestinaren aurka egindako kolonizazio, apartheid eta garbiketa etnikoa 75 urte baino gehiagoz luzatzen dela» salatzea.

«Ezin dira parekatu herri baten autodefentsa eta erresistentzia legitimoak Estatu militar, kolonial eta inperialista baten erasoekin. Zentzu horretan, herri palestinarraren erresistentziarako eskubidea aldarrikatzen dugu, edozein modutan», adierazi dute.

Ildo beretik, «gobernuek, enpresek eta alderdi politikoek Israelekin dituzten konplizitateak eta kolaborazioak» salatu dituzte, eta haien amaiera eskatu dute. «Gure ustez, boikotaren, desinbertsioen eta zigorren garaia da Estatu genozida batentzat».

Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren ustez, gatazkaren konponbideak «deskolonizazio prozesu bat eta Israelgo Estatuaren desegitea behar ditu».

Azaroaren 11n plataforma hori Euskal Herriko bost hiriburutan mobilizatu zen, eta joan den urtarrilaren 27an Beasainen milaka lagun bildu ziren «sionismoarekiko konplizitateak eta, bereziki, CAF enpresaren eta Israelen arteko lankidetza adierazteko».