INFO

Zama bat gainetik kenduta, amets egiteko bidea ireki du Javi Zabalak Atanon

Lehen erdian kolpean izan duen nagusitasuna markagailuan islatzea kosta zaion arren, errioxarrak nagusitasunez gainditu du defentsan aritu behar izan duen Urrutikoetxea (22-14)

Javi Zabalak kostata baina merezita lortu du Buruz Burukoan bere lehen garaipena. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azkenaldian ohituta gintuen distirarik gabe –kolpean oso nagusi bai baina tantoak amaitzeko ideia freskorik gabe–, Javi Zabala izan da final laurdenetako ligaxkarako txartela eskuratu duen lehen pilotaria, Mikel Urrutikoetxeari 22-14 irabazita. Garai bateko kolpea kamustuta eta aurkariari bizkarra erakusteko ahalmenik gabe, bizkaitarra saiatu da defentsatik eta erasoan arriskuak hartuz partidari eusten, baina, batez ere partidaren bigarren erdian, ezinezkoa izan zaio errioxarraren potentziari jarraitzea. Kosta bazaio ere, Logroñokoak ez du toki txarra aukeratu lehen mailako Buruz Burukoan bere lehen garaipena eskuratzeko eta, zama handi bat gainetik kenduta, aurrerantzean libreago jokatzeko modua egiten badu, bide polit bat egin dezake aurtengo txapelketan.

Lehenengo tantotik nabaria izan da errioxarraren nagusitasuna piloteoan, baina nahi baino gehiago kosta zaio kolpean zegoen alde hori markagailuan azaldu araztea. Errioxarra saiatu da, behin eta berriro, Zaratamokoa frontisetik ahalik eta urrunen izaten, baina bizkaitarra bikain defendatzen da hor atzetik eta tantoa egin egin behar zaio, gutxitan egiten baitu oparirik. Erasoan, aldiz, Bakaikoaren aurka aurre-kanporaketan egin bezala, izan duen aukera bakoitzean saiatu da Baikoko aurrelaria tantoa amaitzen.

Gauzak horrela, binaka azken asteotan izan duen konfiantza eta tantoak amaitzeko freskotasunik gabe, errioxarra lotuta aritu da, tarteka sekulako sotamanoak jo bai, baina tantoak amaitzeko zailtasunekin eta Mikel Urrutikoetxea markagailuan aurreratu ere egin da (9-7).

Boladaka aritu da Logroñokoa eta errematean pixka bat asmatu duenean, batez ere dejadarekin, markagailuan errentak lortu ahal izan ditu eta hala aurretik heldu da lehen atsedenaldi luzera (9-12), baina kosta egin zaio Zaratamokoa bistatik kentzea.

Saketik hautsi

Hamabinako berdinketara arte eutsi dio bizkaitarrak, baina hortik aurrera ezinean aritu da erabat eta, saketik asko asmatuz, bakarren bat zabalera ere aterata, partida erabat hautsi du 8-0eko partzial batekin.

Sakeari botez erantzuten, eten du Urrutikoetxeak errioxarraren bolada ona, baina garai batean izan zuen kolpea kamustuta, eta tantoan apenas aurkariari bizkarrik ezin erakutsita, ezin izan du askoz gehiago egin, nahiz eta ezin esan partida txarra jokatu duenik.

 

FITXA TEKNIKOA

Urrutikoetxea: 14

Zabala: 22

Pilotakadak: 243. Iraupena: 47,31. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-5, 4-5, 4-7, 9-7, 9-12, 12-12, 12-20, 13-20, 13-21, 14-21, 14-22. Sakeak: 2 Urrutikoetxeak eta 6 Zabalak. Egindakoak: 7 Urrutikoetxeak eta 10* Zabalak. Galdutakoak: 4 Urrutikoetxeak eta 5 Zabalak. Gorabeherak: Sarrera erdia Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Inhar Jaka aritu da Mikel Urrutikoetxearen botilero lanetan eta Jokin Etxaniz Javi Zabalarekin. Lehen sakea gorri.