INFO

28 urteko kartzela-zigorra eskatu diote Bilboko taberna batean bere bikotea hil zuen gizonari

Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du 2022ko abenduan bere bikotea Bilboko taberna batean hil zuen gizonarentzat, eta beste 3 urte tratu txarren delituagatik. Datorren astelehenean abiatuko da epaiketa.

Bilboko taberna batean bikotea hiltzea egotzita 28 urteko kartzela zigorra eskatzen diote gizonari. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

2022ko abenduan Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean bikotekidea hiltzeagatik akusatutako gizonari 28 urte arteko espetxe-zigorra eta zaintzapeko askatasuneko beste 10 urteko zigorra eskatu diote. Datorren astelehenean, apirilaren 8an hasiko da epaiketa Bizkaiko Auzitegian.

Epaimahaiak ahozko ikustaldia bost saiotan egitea aurreikusi du, astelehenetik ostiralera, eta herri-epaimahaiaren hautaketarekin hasiko da. Epaimahai horrek ustezko hiltzailearen erruduntasunari edo errugabetasunari buruzko erabakia hartu beharko du.

Fiskaltzak 25 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat genero-indarkeriagatik eta ahaidetasunarekin egindako hilketagatik, eta beste 3 urte tratu txarren delituagatik. Halaber, espetxe-zigorra betetzean zaintzapeko askatasunaren neurria aplikatzea eskatzen du.

Emakumeak lehenago ere eraso fisikoak jasaten zituen, baita tratu txar psikikoak ere, telefono mugikorra kontrolatzen ziolako eta senideekin tratua izatea eragozten ziolako, Fiskaltzaren arabera.

Clara Campoamor elkartea eta Bilboko Udala herri-akusazio gisa aurkeztu dira kasu honetan, eta hildako emakumearen alabak, akusazio partikular gisa egin du.

Udaltzainek aurretik esku hartu zuten auzipetuak emakumeari egindako erasoengatik, eta osasun-zentroetan artatu behar izan zuten. Zehazki, hilketa gertatu baino egun batzuk lehenago, gizona atxilotu zuten genero-indarkeriako delitu bat egotzita.

Herri-akusazioak 25 urteko kartzela-zigorra eskatuko du auzipetuarentzat, eta, horren osagarri, zaintzapeko askatasunaren neurria 10 urtez ezartzea, askatasunaz gabetzeko zigorraren ondoren.