Pilotako Euskal Selekzioak lau urrezko dominarekin bukatu du Europako txapelketa
Euskal Selekzioak emaitza ezinhobeak eskuratu ditu C.I.J.B. erakundeak antolatzen duen Europako txapelketan. Emakumezkoen taldea, jokatu dituen hiru modalitatetan gailendu da eta gizonezkoenak, urre bat eta hiru brontze eskuratu ditu.
Txapelketa ezin hobea burutu du pilotako Euskal Selekzioak, C.I.JB. erakundeak antolatzen duen Europako txapelketan. Portugaleko Freixo de Espada á Cinta herrian egin da txapelketa eta euskaldunek, modalitate bakoitzean eskuratu dute dominaren bat. Emakumezkoen kasuan, arrakasta itzela izan da, jokatu dituzten hiru torneoetan gailendu baitira.
Ostegunean hasi eta igande honetan bukatu da txapelketa eta azken jardunaldi honetan, Llargues modalitateko azken faseko partidak jokatu dira. Gizonezkoak Herbehereen aurka aritu dira eta porrota jaso ostean, 3 eta 4. postuaren lehian, Belgikari irabazi diote. Larunbatean baino estuago joan da partida eta hainbat aldiz markagailua irauli ostean, azken setean erabaki da garailea; Euskal Selekzioak 6-5eko markagailuaz brontzezko domina eskuratuz.
Arratsaldean, txapelketa honetako antolatzaileen modalitatearen txanda izan da, Pilota Portugaldarra hain zuzen ere, eta bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan urrezko domina eskuratu du Euskal Selekzioak.
Gizonezkoen kasuan, finalerdia Belgikaren aurka 20-6 irabazita eta finalean, Valentzia ere 20-6 mendean hartuta. Fedearaziotik esan dutenaren arabera, ikustekoa izan da euskaldunak horma ziur gabe horretan izan duten jokoa, bertako jendea harrituta utzita.
Emakumezkoek, atzoko egunean lortu zuten finalerako txartela eta Ingalaterraren aurka lehiatu dira. 20-14 irabazita, txapelketako hirugarren urrea kolkoratu dute.
Beste biak, Joko Internazionalean –Herbehereei 6-2 irabazita– eta One Wall –hemen ere Herbehereak mendean hartuta, 21-16 eta 21-13– modalitatetan eskuratu zituzten.
Gizonezkoetan, aipatu bi modalitate horietan brontzezko domina bana irabazi zuten.