Aitor Elordik txapeldunaren hamar urteko madarikazioari aurre egin nahi dio
Mallabitarrak oso argi du bere ibilbideak ez duela batere zerikusirik iazkoarekin. Binakakoan emaitzak onegiak izan ez badira ere, bere burua ondo ikusi du azken entrenamenduetan, eta, desberdin begiratuko diotela dakien arren, gerra eman nahi du.
Juan Martinez de Irujo, Mikel Urrutikoetxea, Iker Irribarria –bi aldiz–, Oinatz Bengoetxea, Jokin Altuna –bi aldiz–, Erik Jaka, Unai Laso eta Aitor Elordi; horiexek izan dira, 2012. eta 2013. urteetan Aimar Olaizolak urteko txapelik preziatuena bi urtez jarraian jantzi zuenetik, Buruz Burukoak azken hamar urtean izandako zortzi txapeldunak. Garai batean urte askorako txapeldunak izaten baziren, gaur egun gorriz jantzita txapeldun irteteak ezinezkoa dirudi, eta, are gehiago, badirudi gerriko horrek halako madarikazio bat duela berarekin. Pentsa, zortzi izen horietako hiruk baino ez dute aurten lehiaketan jarraitzen, Mikel Urrutikoetxea eta Erik Jaka lehen kanporaketan erori ostean.
Eta Jokin Altuna eta Unai Lasorekin batera, Aitor Elordi da aurreko biek lortu ez zuten erronka lortzeko moduan den bakarra; hau da, bi urtez jarraian kantxa osoko txapela janztea. «Oso zaila den arren, ea erronka hori betetzerik dudan. Goi mailako pilotari asko gaude txapelketa honetan, baina ea aurreko urtean bezala gozatzerik dudan, ze azkenean gozatze horrek eman zidan finala jokatzeko aukera, eta ea berriro errepikatzerik dugun», azaldu zuen aurrelari bizkaitarrak.
Ogetan hasi
Ostiral honetan ekingo dio bere txapelaren defentsari, Gasteizko Ogetan, aurtengo berrikuntza nagusia den Javi Zabalaren aurka. Ez berea sufritu gabe, baina errioxarrak pisu handi bat kendu zuen gainetik Urrutikoetxeari Donostian irabazita eta, batez ere Binakakoan azken asteetan emandako maila izugarriak hauspotuta heldu da, berez, bere espezialitatera.
Aitor Elordi ia atzeko atetik sartu zen iaz Buruz Burukora, Zabaletak eta Rezustak, min hartuta, azken unean jokatzeari uko egin ostean, eta Lau eta Erdian eta Binakakoan lortutako joko maila luzatuta, txapela jantzi zuen inor gutxik espero zuenean. «Aurten egoera erabat desberdin batetik nator. Iaz betegarri moduan sartu nintzen txapelketan, azken orduko baja batzuei esker, eta inork ez zuen nirekin kontatzen hautagai modura eta txapela lortu nuen. Aurten ibilbide desberdin batetik nator, txapeldun moduan eta Binakakoan emaitza onik lortu gabe baina, egia esan, entrenamenduetan oso sentsazio onekin nabil eta hori kantxan islatzen saiatu behar dut partidetan. Ea lortzen dugun», azaldu zigun.
Aspeko aurrelariak barneratuta dauka iazko garaipenaren ostean aurkariek eta pilotazaleek beste begi batzuekin begiratuko diotela, «baina nik ez dut kanpokoek nola begiratuko nauten horrekin arduratu behar; nik nire buruari nola begiratzen diodan baizik. Horretan zentratu behar dut, kantxan gozatzen, momentuari balioa ematen eta, hori lortzen badut, gerra emateko gai izango naiz», gaineratu zuen txapelketa hasi aurretik.
Parean maila handiko aurkariak topatuko ditu bere txapela errepikatzeko abentura honetan eta ez zen ausartu faboritorik ematen. «Txapelketa hauetan beti daude ezustekoak; batzuk besteak baino hobeto helduko ziren, baina nik uste azkenean txapelketak harrapatzen zaituen uneak asko esan nahi duela. Hautagai asko daudela esango nuke, barruan gauden denok maila handia dugulako bertan egoteko, eta ea nor den txapeldun berria, txapeldun berririk badago», adierazi zuen.