Dario maila bikainean itzuli da eta lehen puntua eskuratu du Buruz Burukoan
Errioxarrak bi hilabete zeramatzan jokatu gabe, baina oso bizi jokatu du hasieratik eta 3-14 aurreratu zaio oso deseroso aritu den Zabaletari. Pilotak gastatu direnean etxarrendarra asko hurbildu zaio markagailuan, baina ez du lortu partida iraultzea (17-22).
Dario Gomez errioxarrak Buruz Buruko final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua eskuratu du gaur Labrit pilotalekuan Jose Javier Zabaleta 17-22 menderatu ostean. Bi hilabetez partidarik jokatu gabe egon arren, Ezcarayko aurrelariak maila bikaina erakutsi du eta neurketaren lehen erdian pilatutako alde handia erabakigarria izan da garaipena lortzeko.
Urte zaila izaten ari da aurtengoa Dariorentzat. Eskuetako arazoen erruz oso partida gutxi jokatu ahal izan ditu –gaurkoa seigarrena– eta ikusi beharra zegoen zer mailatan iristen zen urteko lehiaketarik gogorrenetarikora. Bada, lehen pilotakadatik oso bizi eta burutsu jokatu du errioxarrak.
Pilota ongi mugituz, tantoa azkar amaituz eta Zabaletari pentsatzeko denborarik eman gabe 3-14 aurreratu da markagailuan. Egin beharrekoa ongi pentsatuta zuenaren adibide onena bere sakeak izan dira. Etengabe sakea aldatzen saiatu da –batzuetan behe-behetik, besteetan luze, zabalera ere bai bat edo beste...– eta lehen pilotakada horretatik dantzan ipini du aurkaria.
Lehen zati horretan materiala ere lagun izan du Dariok. Lurrean irrist egiten zuten pilotek eta Zabaletak ez zuen lortzen hankak ongi pausatu eta bere ohiko pilotakada bortitzak jotzea. Oso deseroso aritu da etxarrendarra lehen zati horretan eta bazirudien emaitza eskandalagarri samarra izan zitekeela.
Aldaketa nabarmena
Apurka-apurka, ordea, partidaren nondik norakoa aldatzen joan da. Alde batetik, pilotak gastatzen joan ahala, Zabaletak denbora gehixeago izan du ongi kokatu eta piloteoan nagusitzen hasteko. Eta bestetik, nekearen eraginez, Darioren aireko pilotakadek jada ez zuten abiadura berdina.
Sakez ere min handiagoa egitea lortu du Zabaletak bigarren erdian –lau tanto egin ditu lehen jokaldiarekin, hiru jarraian– eta desabantaila hiru tantora jaistea lortu du 17-20koan. Aipagarriak partidaren tarte horretan Zabaletaren pilotakada apartak eta Darioren erabaki taktikoak, atsedenak bi tantotan jarraian hartuz, esaterako.
Azkenean, etxarrendarraren huts nabarmen batek eman dio 21. tantoa errioxarrari eta 17-22koak ere izan du bere zalantza, bazirudielako Darioren azken pilotakadak txapan jo duela. Edozein modutan, lehen puntua Dariorentzat Altuna III.ak eta Lasok osatzen duten multzo zailean.
«Lehen zatia oso garrantzitsua izan da niretzat. Ez diot utzi eroso jokatzen eta abantaila hartu dut. Gero, pilotak geratu direnean, asko sufritu behar izan dut. Banekien horrela izango zela eta, elkarri opari batzuk eginda, lortu dut irabaztea», nabarmendu du Dariok, eskuetatik ongi amaitu ote duen argi gabe.
Zabaleta, bere aldetik, «haserre» agertu da «partida erdia lotan» pasa duelako. «Lasaiegi hasi naiz eta garesti ordaindu dut. Gero gehiago gozatu dut baina jada berandu zen. Hurrengorako badakit hemen hasieratik dena ematera irten behar dela, bestela ezinezkoa da irabaztea».
Dariok eta Zabaletak atsedena izango dute datorren asteburuan; Altuna eta Lasoren artekoa datorren igandean, hilaren 21ean, jokatuko da Bilbon.
FITXA
Pilotakadak: 225. Partidaren iraupena: 60 minutu. Markagailua: A0-3, 1-3, 1-4, 3-4, 3-14, 5-14, 5-16, 8-16, 8-17, 14-17, 14-20, 17-20 eta 17-22. Sakez: 4 Zabaletak eta 5 Dariok (2 falta ere bai). Jokoan egindakoak: 7 Zabaletak eta 10 Dariok. Galdutakoak: 7 Zabaletak eta 4 Dariok. Gertaerak: Betekadarik ez Iruñeko Labrit pilotalekuan. Fermin Escudero izan zen Zabaletaren botileroa eta Asier anaia Dariorena. Lehen sakea, urdin.