INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Estatuko ezkerrari 2016an eginiko gonbita gaurkotu du Otegik: «Aldaketaren alde egin ezazue»

Orain arteko kanpaina honetako ekitaldi potenteenarikoa ospatu du EH Bilduk larunbat honetan Tolosan, jende aldetik eta edukiari dagokionez ere. Espetxetik irten berria zela, Donostiako Belodromoan Estatu ezker konfederalari eginiko gonbita eraberritu du Arnaldo Otegi, EH Bildurentzat boza eskatuz.

Bideguren, Kortajarena, Otxandiano, Otegi, Garrastatxu eta Iriarte, pozik Tolosako ekitaldian. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Tolosako Beotibar frontoian ehunka zale bildu ditu EH Bilduk larunbat honen eguerdian, eta bertatik duela zortzi urteko martxoan luzatutako proposamena berritu du Arnaldo Otegik. Espetxetik atera eta egun batzuetara, 15.000 lagun bildu ziren Donostiako Belodromoan hari harrera egiteko, eta bertan esandakoen artean aipamen bat nabarmendu zen, garai hartan indartsu zegoen Estatu ezker konfederalari zuzendua: Estatua demokratizatzeko prozesuan aurrera egin ezina egiaztatuko zuten unean Estaturik gabeko nazioen prozesu konstituienteak bultzatzeko eskatu zien, «hemen bai egin daitekeelako».

Mezua nolabait gaurkotu du Tolosan Otegik, hitz hauekin: «Enplazamendu bat egin nion orduan Espainiako ezker konfederalari, eta guk orduan esandakoa bete dugu. Ez dizuet eskatzen EH Bildukoak egitea, eskatzen dizuedana da apirilaren 21ean aldaketaren alde egitea».

«Izan ere, lagunak, Euskal Herrian gehitzen eta hauteskundeak irabaz ditzakeen ezkerra EH Bildu da –gogoratu du–. Ez despistatu. Irabazi dezakeen indarrari botoa ematea lehentasuna da. Galizian gertatutakoa errepikatzea ez dugu nahi», aipatu du Otegik. Bertan, jakina denez, BNGk emaitza itzela lortu du baina ez da PPri gehiengo osoa kentzeko nahikoa izan.

«Errespetuz» eta «maitasunez» luzatu die mezu hau Otegik. Gazteleraz, hauteskunde lehia honetan diren bi indarrei zuzendu zaie, beren izenekin jokatuz: «EH Bildu es la izquierda que suma y la izquierda que puede»

Gazteleraz, hauteskunde lehia honetan diren bi indarrei zuzendu zaie, beren izenekin jokatuz: «EH Bildu es la izquierda que suma y la izquierda que puede»

 

2016ko hartan Donostiako Belodromoa bezala, gaurkoan goraino beterik izan da Tolosako pilotalekua. Agertoki horrekin ere hitz jolasean ibili da Otegi. Bere hitzetan, urte asko eman du ezker independentismoak «pilota frontisera eraman eta eraman» baina orain «tantoa egiteko» aukera du, «ez gaude jada kantxa erdian, aurreko koadroetan gaude».

Gainera, Naiz Irratiari ostiralean emandako elkarrizketaren ildo beretik, une hau ez dela partida bukatzekoa aitortu du: «Ez gaude 21. tantoan, bai badakizue batzuetan aurretik ere tanto erabakiorrak daudela», alde batera edo bestera egiterakoan norgehiagokaren norabidea aldarazten duten neurrian. A21ekoa horietako bat dela uste du.

Arnaldo Otegi hizketan eta Tolosako pilotalekuko harmailak ondo beteta. (EH Bildu)

Ekitaldiaren hasieran Gipuzkoako Batzar Nagusietan eledun den Maddalen Iriartek hartu du hitza; bertsotan abiatu du interbentzioa, Xalbadorren ‘Odolaren Mintzoa’ abestuz. Gazte ugari igo da oholtzara gero, zenbait arazorekin «nazkatuta» daudela esateko baina aldi berean EH Bilduk altxatutako «ilusioaren olatua»-ren parte sentitzen dela jakinarazteko. Animoak eta eskerrak eman dizkiete zerrenda hauetan diren hautagai gazteei, txalo zaparrada jasoaz.

 

Otxandiano: «Ez da beldurraren unea»

Bere sentipenak biluztuz abiatu du hitzaldia Pello Otxandiano lehendakarigaiak: zenbait gauza lehen aldiz egiteak dakarren «urduritasuna» aipatu du, baita bi alabek aitaren aurpegia afixetan ikustean dituzten burutazioak ere. Baina horren gainetik, «emari» baten ordezkaria dela jakiteak ematen dion lasaitasuna eta kaleetan nabaritzen duen ilusioa nabarmendu ditu, pozik.

Beste alderdietatik luzatzen diren mezuekin kontrajarri ditu EH Bildurenak: «Hau ez da jendarteari beldurra transmititzeko momentua, nahikoa ziurgabetasun dago jada. Jendeak beldurra dio zerbitzu publikoen galerari, alokairua ordaindu ezin izateari, bizitzaren garestitzeari, klima larrialdiari, indarkeria matxistari, gerrari… nahikoa ezegonkortasun dago jada».

«Esperantzari bidea emateko gaude gu hemen eta hori egiten da elkarlanaren bidez, herri ikuspegia jarriz erdigunean, komunitateak ematen digun konfiantzarekin, konpromisoarekin eta irribarre handi batekin –ziurtatu du Otxandianok–. Posible da aldaketa, posible da esperantza eta posible egingo dugu EH Bilduk historian izan dituen emaitza elektoral hoberenak lortuko ditu. Aukera zabalik dago. Orain ez bada, noiz?»