INFO

Artolak argi menderatu du Ezkurdia bien joerak berretsi dituen neurketan

Iñaki Artolak merezita eskuratu du lehen puntua Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkan. Azken asteetako maila onari jarraipena emanez menderatu du berriz ere konfiantzarik gabe jokatu duen Joseba Ezkurdia. Astelenak sortzen zizkion kezkak ere uxatu ditu alegiarrak.

Iñaki Artola, partida amaieran garaipena ospatzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Iñaki Artolak erakustaldi aparta emanda menderatu du Joseba Ezkurdia Eibarko Astelena pilotalekuan. Alegiarrak azkenaldian erakutsi duen sasoi puntu bikainari jarraipena eman dio Buruz Buruko ligaxkaren lehen jardunaldian eta Ezkurdiak, aldiz, konfiantzaz ahul dabilela erakutsi du beste behin. Bi joera horien baturaren emaitza 10-22ko argi bat izan da.

Pilotari bakoitzaren egoerak ere izan dezake zer ikusia konfiantza maila desberdin horretan. Artolak zazpi egun lehenago egin zuen bere debuta lehiaketan. Aurreneko partidak sortzen dituen urduritasun eta zalantzak han utzi zituen, eta gaur oso zentratuta jokatu du hasiera-hasieratik. Ezkurdiak gaur izan du estreinua aurtengo lehiaketan eta presaka antzean ibili da, arnas pittin bat hartu eta ongi kokatu ezinik bezala.

Arbizukoa 2-1 aurreratu da markagailuan bikain gurutzatutako pilotakada batekin, baina hurrengo sakea luzeegi atera du eta hortxe iritsi da Artolaren lehen takada. Bost tanto jarraian eginda 2-6 irauli du emaitza eta, garrantzitsuagoa dena, Ezkurdiari lehen zalantzak sortu dizkio.

Hala ere, partida ez da lehen erdi horretan erabat hautsi. Distira handirik gabe izan den arren, eta hein batean aurreko jokoari uko eginda, tanto batzuk zuzen jokatzea nahikoa izan du Ezkurdiak neurketan sartuta jarraitzeko. Artolak markagailuan agintzen jarraitu du, 7-13 ere aurreratu da hiruzpalau erremate ikusgarri sinatuz, baina sakez egindako tanto batekin 10-13ra gerturatu da Ezkurdia.

Frontoiari neurria hartuta

Baina hortxe amaitu dira Ezkurdiaren aukerak. Ez du tanto bakar bat ere gehiago egin. Kanpora zihoalakoan pasatzen utzi eta nabarmen barruan botea egin duen pilota batek eman dio 10-14koa Artolari, zuzenean 22ra joateko sinatu duen 0-9ko partzialari hasiera emanez.

Ikustekoak izan dira alegiarraren pilotakadak, bai botera eta bai sotamanoz, eta sakearekin asko asmatu du, pilota ezker horman bikain gurutzatuz. Errematera aurreratu denean ere ez du hutsik egin gipuzkoarrak, Astelena pilotalekuak sortzen zizkion kezkak ere uxatuz –Binakako Txapelketan finalerdietako partida erabakigarria bertan galdu zuenean pilotalekuari nolabait neurria hartu behar ziola esan zuen–.

«Oso gustora amaitu dut gaur. Kolpez fresko ikusi naiz, pilota bizi atera zait eskutik, eta galdu edo irabazi frontoian horrela gozatzea gauza ederra da», onartu du Artolak partida amaieran. «Frontoi honetan jokatzea kosta egin izan zait beti, horma irristalariak dituelako, baina banekien besteek niri min egin izan didaten bezala egun ona edukiz gero nik ere min egin niezaiokeela besteei, eta gaur horrela izan da», gaineratu du pilotalekuari buruz.

Ezkurdiak, bere aldetik, ez du aitzakiarik jarri. «Hasieran opari batzuk egin dizkiot eta konfiantza galdu dut. Zaila izaten da horri buelta ematea, baina lortzen ari nintzen. 10-13 jarri naiz baina zalantzako pilota bat pasatzen utzi dut, inoiz egin behar ez dena, eta hortik aurrera berak asko jokatu du. Bigarren erdi horretan ezin izan dut ezer egin».

Gauzak horrela, Artolak Elordiren kontra jokatuko du bigarren jardunaldiko partida datorren ostiralean Azkoitian, irabazleak hanka eta erdi finalerdietan izango ditu; Ezkurdiak larunbatean jokatuko du Labriten Zabalaren kontra, eta galtzaileak ia agur esango dio lehiaketari.

FITXA

Pilotakadak: 167. Partidaren iraupena: 40 minutu eta 5 segundo. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-6, 3-6, 3-8, 4-8, 4-9, 7-9, 7-13, 10-13 eta 10-22. Sakez: 2 Ezkurdiak (eta falta bat) eta 4 Artolak. Jokoan egindakoak: 4 Ezkurdiak eta 11 Artolak. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak eta 4 Artolak. Gertaerak: Sarrera erdi inguru Eibarko Astelena pilotalekuan. Jokin Etxaniz izan zen Ezkurdiaren botileroa eta Iker Iriarte Artolarena. Lehen sakea, gorri.