INFO

Barrokal-Agirre eta Ruiz de Infante-Galeano neurtuko dira Ados Pilotaren Binakako finalean

Maddi Barrokal eta Naroa Agirre izango dira Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeanoren aurkariak datorren larunbatean Antzuolan jokatuko den Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren finalean. Barrokal eta Agirrek nagusitasunez menderatu zituzten Iera Agirre eta Oihana Orbegozo atzo Biarritzen (10-22).

Barrokal pilota astintzen, Agirre eta Orbegozo atzean begira dituela. (ADOS PILOTA)

Maddi Barrokal eta Naroa Agirre izango dira Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeanoren aurkariak datorren larunbatean Antzuolan jokatuko den Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren finalean. Bigarren finalerdia atzo jokatu zen Biarritzen eta Barrokal-Agirre bikoteak nagusitasunez menderatu zituzten Iera Agirre eta Oihana Orbegozo (10-22).

Biarriztarrak elkartearekin batera antolatutako jaialdian, finalerdiaren lehen zatia nahiko parekatua eta gogorra izan zen. Pilotakada askoko tantoak ikusi ziren eta markagailuan alde handirik hartu ezinik ibili ziren bi bikoteak.

Dena den, gehienetan aginte makila bikote urdinarena izan zen eta bikote gorriak defentsan egin zuen lan eskerga ez zen nahikoa izan. Bigarren zatian Maddik sakearekin min handia egin zuen eta, gainera, atzeko koadroetan Naroaren nagusitasuna nabarmena izan zen, markagailuan tarte handia irekiz.

«Uste dut sekulako partida egin dugula biok. Ni txisparekin ibili naiz aurrean eta Naroa ere oso eroso ikusi dut atzean. Hasieran partida gogorra izan da. Nahiz eta alde handia egon markagailuan, tanto oso gogorrak egon dira, piloteatuak. Baina bukaeran nik sakearekin gehiago asmatu dut, abiadura eman diogu pilotari eta ezker paretan sartu dugu. Ierari ez diogu jokoan sartzen utzi eta horretan asmatu egin dugu», aztertu zuen Maddi Barrokalek neurketa amaieran.

Naroa Agirrek ere antzeko irakurketa egin zuen. «Hasieran igual altura gehiago eman diogu pilotari, atzeratu nahian, baina gero biok ikusi dugu pilota moztuta min gehiago egiten genuela. Txapa gainean jota, gehiegi arriskatu gabe, baina min egiteko moduan», aipatu zuen zestoarrak.

Iera Agirre Iturriagak eta Oihana Orbegozok ere zintzo onartu zuten aurkarien nagusitasuna. «Sekulako partida jokatu dute. Dena atera zaie. Oso ongi asmatu dute niri pilota kentzen, saketik hasita. Min egiten zuten sakearekin, agian zuzenean ez hainbeste, baina bigarren pilotakadan bai. Hau erasorako pilotalekua da, defentsarako zaila, eta beraiek askoz gehiago asmatu dute. Aginte makila hartzen saiatu gara baina beraiek hartu dute», izan zen aurrelari leitzarraren irakurketa.

«Pilota baztertzen asko asmatu dute. Ahal dudana egin dut, baina ez da nahikoa izan. Finalerdietaraino iritsi gara, zerbaitegatik izango da. Orokorrean txapelketa ona egin dugula uste dut baina orain pena handia daukagu», gehitu zuen Orbegozo azpeitiarrak.

Barrokal eta Agirrek zain dituzte finalean Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeano, aurreko astean Labriten jokatu zen lehen finalerdian Eneritz Zabaleta eta Irati Zabala 20-22 menderatu baitzituzten.

«Uste dut Antzuolako frontoia nahiko bizia dela eta beraiek pilota biziak aukeratuko dituztela, beraien jokoa azkarra delako. Finala da, hori ere kontuan izan behar da, nerbioek garrantzia handia izaten dutelako», aurreratu zuen Naroa Agirrek final horretara begira.

Finaleko jaialdia 18.00etan hasiko da datorren larunbat arratsaldean, eta lehen partida Promozio mailako finala izango da Ibarrola-Vertiz eta Aranburu-Arrastia bikoteen artean.