Apirilaren 22tik 28ra Euskaldunon Harrotze Astea eginen du EHEk
Euskaldunon Harrotze Astea ekimen nazionala da, edozein pertsona edo eragile euskaltzaleri kaleak berreskuratzeko egindako gonbidapen zabal. Euskal Herrian Euskarazeko kideek azaldu dutenez, asmoa da astebetean kontzentratzea euskararen aldeko borroka eta horrek «efektu motibatzaile bat» eragitea.
Apirilaren 22tik 28ra Euskaldunon Harrotze Astea iragarri du Euskal Herrian Euskarazek. «Ekimen nazional bat da, gonbidapen zabal bat edozein pertsona edo eragile euskaltzaleri kaleak berreskuratzeko. Ez hain hitz neurtuekin, ez hain zuzen gure eskubideak kalera eramateko eta euskararen aldeko borrokak berpizteko aukera bat, pedagogia eta kontzientziazio lan kolektibo bat. Horren bidez, euskaldunok kolektiboki harrotzeko aukera bat da».
Hala definitu dute Intza Gurrutxaga Loidi eta Sugoi Etxarri Zabaleta EHEko kideek.
Garai batean egiten ziren Ezabaketa Egun edo Asteetatik sortutako ideia da, baina markoa zabalduz. Erdaraz bakarrik edo erdaraz lehentasunez dauden kartelak euskaraz jartzea da ezabaketa. «Bazuen zentzua, eta badu neurri batean, kale izendegia eta karteldegia oso arrotza izan baita eta ezabaketari esker ere lortu baita kale paisaia aldatzea», azaldu diote NAIZi Euskal Herrian Euskarazeko kideek..
Orain, horretaz gain, poteo musikatuak, desfileak, ekintza sinbolikoak, elkarretaratzeak edota kanpaina zehatzak eginen dituzte. Mediku euskalduna eskatzeko, euskarazko eskola edota lerroak sortzeko, erakundeen aldetik arreta euskaraz jasotzeko eta euskarazko aisialdi-eskaintza sortzeko edo handitzeko, adibidez. Helburua ahalik eta eremu gehienetara iristea izanen da.
Asmoa da astebetean kontzentratzea euskararen aldeko borroka eta horrek «efektu motibatzaile bat, ahalduntze kolektibo bat» eragitea.
Abiapuntu izan daiteke tokiko borroka horiek modu luzeagoan iraunarazteko. Adibidez, mediku euskaldunaren aldarrikapenaren inguruko kanpaina edo aurrera begirako saretze iraunkorrago bat.
Antolaketa
Euskal Herrian Euskarazeko batzordea nazio mailako bost ekintza sustatzen ari da. Gainera, komunitateko kideekin batera bestelako aliantza batzuk sortzen ari dira eragileekin. Tokiko eta nazio mailako eragileekin elkartzen ari dira, Harrotze Astea aurkezteko eta beren ekarpena nola egin dezaketen hausnartzeko. Gazte eragile eta mugimenduekin lanean ari dira dezente, euskara elkarte eta taldeekin, euskalgintzako bertze eragileekin; sindikatuekin ere bai.
«Elkartu garen eragile horiei zera esan diegu: ‘Plaza bat da hau euskararen bueltan nahi duzuena egiteko’. Modu honetan planteatuta, eragile bakoitzak bere eremutik eragin dezake. Hala, esparru handiagoa hartuko dugu eta ideia berriak sortuko dira».
Elkartea presente dagoen herrietan tokian tokiko borroka batzuei indarra ematen ari dira: hezkuntzan, kirolean, kultur eta aisialdi eskaintzan...
Modu honetara antolatzeak sorpresarako tarte polita uzten du. Elkarrizketa egin diegun egunean, errate baterako, kartel bat jaso dute antolatzaileek #EuskarazTaHarro traolarekin. Txalapartarien topaketa batzuen kartela da. Bertan, traol hori jarri dute, beren ekitaldia Euskaldunon Harrotze Astearen barrenean kokatuz.
Hain zuzen ere, #EuskarazTaHarro traola erabiltzeko gonbidapena zabaldu dute Gurrutxagak eta Etxarrik.
Bost ekintza nazional
Sorpresari lekua uzte aldera, ez digute Euskal Herri mailako ekintzen inguruan sobera kontatu nahi. Baina tiraka-tiraka lortu dugu zerbait jakitea. Ekintza bakoitzak aldarrikapen edo mezu bat edukiko du. Lehentasunezko bost mezu horiek EHEko komunitateak erabaki zituen lau hilabetean behin egiten duen bilkuran.
Bost ekintzak kalean eginen dituzte, baina askotarikoak izanen dira: lurralde banatan eginen dira, nazio ikuspegi batetik, eta formatu eta estilo ezberdinetakoak izanen dira. Batzuk serioagoak, bertzeak umoretsuagoak, kasu batzuetan eragile edo pertsona jakin batzuk seinalatuz arduradun gisa. Asteko egun desberdinetan eginen dira eta ekimen bakoitza bukatzen delarik bideo bat jarriko dute sare sozialetan.
Izan ere, kalea aipatu dute, baina helburua bada sareetan ere ekintzak egitea. «Gaur egun kalea sare sozialak ere badira. Kalearen zentzua zabaldu behar dugu. Horri eman diogu garrantzia eta sarean ere egingo ditugu ekimenak. Traola erabilita jendeak bere hausnarketa, ideia eta aldarrikapenak partekatzea nahi genuke», adierazi dute Sugoi Etxarrik eta Intza Gurrutxagak.
Eremu digitalean eragiteko, honako ekintzak egin daitezke: ziberaktibismoa, webgune bat kolapsatu, muntaia harrigarriak zabaldu, pantaila-greba, pantailak euskara hutsean jartzeko erronka...
Nazio mailako ekintzetako bat hezkuntza topaketa bat izanen da. «Unibertsitateko euskara taldeekin, Azterketak Euskaraz ekimeneko kideekin eta Beskoitzeko ikastolakoekin bilduko gara Beskoitzen bertan, elkarren borroken berri izateko eta elkar ezagutzeko, eta guztiok gauza beraren alde gabiltzala kontzientziatzeko, bakoitza bere txokotik hezkuntza euskaldunaren alde», kontatu digute. «Noizean behin garaipen txiki batzuk izaten ditugula ere ospatuko dugu, Beskoitzen borroka txiki bat irabazi dute eta».
Aukeratu duten leloak Korrikarenarekin duen antzekotasuna aipatuta, argitu digute aurrez hartutako erabakia izan zela eta gero jakin zutela 11 eguneko lasterketa zoragarriaren lema. «Kasualitatea izan daiteke, edo egoeraren irakurketa beraren ondorio, badelako euskaldunok harrotasun hori adierazteko behar bat. Euskararen kontrako oldarraldiarekin azken urteetan zapalkuntza ageriago gelditu da eta horren aurrean ikusi da erantzun eta harrotze baten premia».
Bestalde, EHEko lagunek esplikatu dutenez, «euskararen aldeko mugimendua azkenaldian zuzentasunean dago sartuta, instituzioekin harremanak lantzen, adostasun sozial zabala bilatzen. Hori ezinbestekoa da, baina ezin dugu ahaztu euskarak kalea ere behar duela. Euskaldunok zapalduak garen heinean horren kontzientzia hartu behar dugu, aldarrikatu eta garbi hitz egin behar dugu ditugun bizipenez eta premiez».
Ekintzarako deia da, hortaz, heldu den astelehenean, gaur zortzi, hasiko den Euskararen Harrotze Astea, eta parte hartzeko modu ezberdinak egonen dira, pertsona adina manera. Adi egon zaitez Euskal Herrian Euskarazen sareei, seguru ezuste ederrak aurkituko dituzula.