Valverdek zortzi jokalari dauzka txartel horiengatik zigortuak izateko arriskuan
Azken jardunaldiko hamaikakoan sartu ziren Williams anaiak, Yuri eta De Marcos aurkitzen dira egoera horretan. Baita Lekue, Raul Garcia, Berenguer eta Dani Garcia ere. Ostiralean Granada hartuko dute San Mamesen, eta hurrengo jardunaldian partida erabakigarria dute Atletico Madrilen zelaian.
Athleticek garaipen gosearekin aurre egingo dio ostiral iluntzean Granadari. Vila-realen aurka ihes egindako puntuek irabaztera behartzen dute talde zuri-gorria; batez ere, Txapeldunen Ligan sartzeko lehian bizirik jarraitu nahi badu. Atletico Madril lau puntutara dago laugarren postuan, eta Gironaren hirugarren tokia zortzi puntutara aldentzen da.
Zazpi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko, eta Athleticek puntuak lortzea ezinbestekoa dauka aurkariei presioa sartzeko. Gironak Cadizen kontra neurtuko ditu indarrak larunbat gauean, eta Atleticok Alavesi egingo dio bisita igandean Txapeldunen Ligatik kanporatua izan ostean.
Talde bilbotarra asteazken goizean itzuli da entrenamenduetara Lezaman, eta jokalari guztiek parte hartu dute lan-saioan. Azken partidetan lesionaturik egon den Yeray erdiko atzelaria ere taldekideekin batera aritu da. Jose Angel Iribar ere bertan izan da, eta entrenamendu aurretik hitz egin du taldekideekin. Badirudi Raul Garciaren agurrari buruz mintzatu dela, nafarrarekin besarkatu baita amaitu ondoren.
Lehen taldeko kide guztiak jokatzeko prest egon arren, tentuz aritu beharko dira Granadaren aurkako norgehiagokan. Izan ere, zortzi jokalari daude txartel horiengatik zigortuak izateko arriskuan. Horien artean aurkitzen dira azken jardunaldian hamaikakoan sartu ziren Williams anaiak, Yuri eta De Marcos. Sarritan jokatzen duten Lekue eta Berenguer ere egoera berdinean daude, eta baita Raul Garcia eta Dani Garcia.
Zuri-gorriek Atletico Madrili egingo diote bisita hurrengo jardunaldian, eta txartel horiak ikustea ekidin beharko dute. Txapeldunen Ligarako lehian hil ala biziko norgehiagoka izan daiteke. Athleticek galtzen badu oso zaila izango da liga amaiera arte laugarren postura iristeko aukerak izatea.
Hain zuzen ere, beste bost partida geratuko zaizkie lehoiei denboraldiari agur esateko. Getaferen zelaian arituko dira maiatzaren 3an, ostirala. Osasuna etorriko da San Mamesera hurrengo jardunaldian -maiatzaren 12ko asteburuan-, eta aste barruan Celtari egingo diote bisita. Sevillaren aurkakoa izango etxeko azken partida maiatzaren 19ko asteburuan, eta Vallecasen emango diote denboraldiari bukaera maiatzaren 26ko asteburuan. Azken lau partidetako ordutegiak eta datak zehaztu gabe daude.