Haurreskolak Partzuergoa eta gehiengo sindikalaren arteko akordioa, lan baldintzak hobetzeko
63 urtetik gorako hezitzaileek lanaldia heren bat murrizteko eskatu ahal izango dute, errelebo kontratu baterako baldintzak betetzen ez diren kasuetan; eta aldi baterako langileen kontratazio berriak egiteko aukera ere jasotzen du akordioak, matrikulazioak une jakin batean gora egiten badu.
Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak eta bertako ordezkaritza sindikalaren gehiengoak akordioa sinatu dute hezitzaileen lan baldintzetan eta Haurreskolen funtzionamenduan zenbait alderdi hobetzeko. Ordezkaritza sindikalaren %82,98ren babesa du akordioak, LAB sindikatuak –ordezkaritzaren %53,19 du– eta Steilas sindikatuak –%29,79– sinatu baitute.
Lakuako Hezkuntza Sailak azaldu duenez, zehazki, Haurreskolak Partzuergoaren Lan Hitzarmenean jasotako 12. eta 52. artikuluen aldaketa dakar sinadurak.
Lan Hitzarmeneko 12. artikulua aldatuta, matrikulazioan gerta daitezkeen gorabeheren aurrean, Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak urtean gehienez 11 hilabetez aldi baterako langileak kontratatu ahal izatea erabaki da. Era berean, premia hori ondoz ondoko bi ikasturtetan luzatzen bada, plaza hori egiturazkoa izango da eta hurrengo ikasturterako eskaintzari gehituko zaio.
52. artikuluan jasota dator dagoeneko 60 urtetik gorako hezitzaileek haurrei zuzeneko arretan emateko denbora egunean bi orduz murrizteko aukera, baina testua hobetzea adostu da 63 urtetik aurrera baldintza berriak jasotzeko. Hala, idazketa berriak jasotzen duenez, 63 urtetik gorako profesionalak, errelebo-kontratu baterako baldintzak betetzen ez baditu, lanaldiaren herena murriztea eskatu ahal izango du. Murrizketa hori ikasturtearen amaietan metatu eta gozatu ahal izango du.
Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak «positibotzat» jo dute lortutako akordioa, bai eta ordezkaritza sindikalarekin egindako elkarrizketa eta negoziazio prozesua ere.