INFO

Asier Altunak figuranteak behar ditu ‘Karmele’ filmea errodatzeko

Asier Altunaren ‘Karmele’ filma euskaraz errodatzen ari da egunotan, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreekin. Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberrian inspiratuta, orain filmean figurante gisa parte hartzeko casting-erako deia zabaldu berri dute.

Jone Laspiur (Karmele) eta Eneko Sagardoy (Txomin), errodajean. (David HERRANZ)

Asier Altuna zinemagile bergararra (‘Amama’ edo ‘Aupa Etxebeste!’) film luze berria errodatzen ari da egunotan, Txintxua Films SL eta Esnatzeko Ordua Films AIE-k ekoiztutakoa. ‘Karmele’ filmaren errodajeak maiatza bukaera arte iraungo du, Euskal Herriko gune desberdinetako lokalizazioetan.

Hau dela eta, 18 urtetik gorako gizonak eta emakumeak behar dituzte, edozein nazionalitate eta sexutakoak, maiatzean, Donostian eta Baionan filmatzeko. Aipatu dutenez, datorren apirilaren 27an, 10.00etatik 14.00etara, aurkeztu daitezke castingerako Trintxerpe-Pasaian, Euskadi Etorbideako 61 zenbakian 2.c helbidean edo izena eman dezakete online www.modfie.com webgunean.

Jone Laspiur (‘Ane’, ‘Maixabel’, ‘Akelarre’) eta Eneko Sagardoy (‘Irati’, ‘Handia’) dira filme berri honen bi protagonistak, lehen aldiz elkarlanean, Karmele eta Txomin bikoteari bizia ematen. Haiekin batera daude Nagore Aranburu (‘Querer’, ‘Irati’) eta Javier Barandiaran (‘Maixabel’), Karmeleren gurasoen paperean.

Benetako istoria

Karmele (Jone Laspiur) erizain euskaldun bat da, hogeita hamarreko hamarkada amaieran Estatu farantsesean erbesteratuta dagoena. Han, Txomin ezagutzen du (Eneko Sagardoy), tronpetista birtuoso bat. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorio bat biziko du Paris, Caracas eta Euskal Herria artean. Elkarrekin familia bat osatuko dute, elkarrenganako konplizitate osoarekin, harik eta bi aukeraren artean erabaki behar duten momentua heltzen den arte: familia edo ideiekiko fideltasuna.

Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarritu da filmea, eta Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberrian inspiratuta dago. Nobela zortzi hizkuntzatara itzulita dago, eta Kritikaren Sari Nazionala (Euskarazko narratiba) eta Euskaltzaindiaren urteko liburu onenaren saria irabazi zituen.

Asier Altuna zuzendariaren hitzetan: «‘Karmele’ askatasun faltaren aurrean agertzen den pertseberantzia, borroka eta duintasunari buruzko pelikula bat da. Era berean, kultura, musika eta artea zeharkatzen dituen bidaia bat ere bada. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldiren elkarbizitza erakusten duten historia familiarrek. Karmele ezagutarazi nahi dut, gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar izan dien emakumea, jarrera ausart eta konprometitua duena, bere ideiekiko kontsekuentea, eta ideia horiek erabakitasunez defendatzen dituena».

Lan talde euskalduna

Proiektu honi lau urtetik gorako lana eskaini dio Altunak, Marian Fernandez Pascal ekoizle eragile eta Txintxua Films ekoiztetxearen arduradunarekin batera. Zinemagileak idatzi eta zuzendu du filma, eta bere ohiko lantaldea du ondoan, euskal zinemagintzako profesional aitortuenetako batzuek osatzen dutena. Ander Sistiaga da (‘La trinchera infinita’, ‘Handia’) produkzio zuzendaria; Javier Agirre (‘La trinchera infinita’, ‘Handia’,  ‘Amama’), argazki zuzendaria; eta Zaloa Ziluaga (‘Volver’, ‘Cuando dejes de quererme’) arte zuzendaria.

Alazne Ameztoy (‘Maixabel’; ‘La trinchera infinita’) arduratu da soinuaz. Nerea Torrijos (‘20.000 especies de abejas’; ‘Irati’; ‘Akelarre’) da jantziteria zuzendaria. Lola Lopez eta Itziar Arrieta (‘El orfanato’), makillaje eta ile-apainketa buruak.

Laurent Dufreche (‘La trinchera infinita’; ‘Handia’ ), muntatzailea. Aitor Etxebarria (‘El cuerpo en llamas’; ‘Intimidad’), musikaren konposatzailea. Felix Berges (‘La sociedad de la nieve’, ‘Un monstruo viene a verme’, ‘Dantza’) da VFX burua eta Jon Serrano (‘Handia’, ‘Akelarre’, ‘20.000 especies de abejas’, ‘Irati’), efektu berezien arduraduna.

María Rodrigo (‘Nina’, ‘Cristóbal Balenciaga’) da casting zuzendaria eta Michel Gaztambide izan da gidoiaren aholkularia.