Multzorik zailenetik ekingo dio Bidaideak Bilbok Eurocup-1 txapelketako zortziko finalari
Italiako Giulianova hirian jokatuko den azken fasearen barruan, Santo Stefano eta Fenerbahçe boteretsuei aurre egin beharko die Bidaideak Bilbok lehenengo egunean. Manu Lorenzoren lesioa dela eta, nahi baino errotazio murritzagoa izango dute bilbotarrek.
Azken urteetan Bidaideak Bilboren txapelketa kuttunetako bat bihurtu den Eurocup-1, Europako gurpil aulkiko saskibaloiko garrantzitsuenetan bigarrena, aste honetan bertan iritsiko da fase erabakigarrira. Ostiraletik igandera, Italiako Abruzzo eskualdeko Giulianovan arituko dira nor baino nor zortzi talde, garaikurra etxera eramateko lehian, eta Bidaideak da faboritoetako bat. Ez alferrik, 2019an txapeldun izan ziren bizkaitarrak, eta, iazko edizioan, bigarren.
Duela bost urteko marka errepikatzeko ahaleginean, baina, ez zaie biderik errazena egokitu. Multzoen fasean, txapelketa irabazteko beste bi faborito nagusiei aurre egin beharko diete, diruz ondo hornitutako Fenerbahçe turkiarrari eta Santo Stefano italiarrari. Azken honek irabazi zion iaz Eurocupeko finala Bidaideaki. Multzoko laugarrena Köln 99ers alemaniarra da, hau ere sobera ezaguna, Champions Cup-en elkarren aurka aritu baitziren otsailean. Orduko hartan, Bidaideak izan zen nagusi. Desoreka nabarmena dago bi multzoen artean, eta biderik txarrena suertatu zaie bilbotarrei. «Harrituta galdetu nien taldekideei ea Europan nola egiten duten multzoen banaketa, baina ez dakigu», dio Mariana Perez argentinarrak, errotazioko emakume bakarrak.
Finalaurrekoetarako jauzia egiteko, ostirala izango da egun erabakigarria. Izan ere, bata bestearen atzetik, Santo Stefanoren eta Fenerbahçeren kontrako partidak jokatuko dituzte bilbotarrek, bata 15.45ean eta bestea 20.15ean. Erronka latz horretatik bizirik irten beharko dute, larunbat goizean Köln 99ersen aurkako partidan aukerei eusteko.
Egunotan Adrián Yáñez entrenatzailea gaixorik egon denez, James Macsorley jokalari britainiarra aritu da aurkariak aztertzen. Santo Stefanoren «defentsa gogorra, kantxa osoa hartzen duena» nabarmendu du, «intentsitatea» beharrezkoa da haiei aurre egiteko. 2023ko finalean 18 puntuko aldeaz irabazi zieten italiarrek euskal herritarrei, eta «errebantxa gogoz» daudela dio Macsorleyk.
Fenerbahçek, Turkiako talde indartsu guztien moduan, «bi jokalari oso altu eta inguruan laguntzen beste bi txiki» erabiltzen dituela azpimarratu du britainiarrak. «Jokalari guztiek dakite zehatz-mehatz zer egin behar duten». Multzoko beste bi aurkariak ezagun zaharrak badira ere, Fenerbahçe bideo gutxi batzuetatik baino ez dute ezagutzen: «Ondo aztertu ditugu, baina, kantxara irtetean, aulkiak elkarren kontra jotzean jakingo dugu benetan zer nolako taldea diren». Köln 99ersi dagokionez, gorabeheratsu samar ari diren arren, «haien onena» espero du Macsorleyk larunbaterako.
Esperientzia alde du Bidaideakek, era honetako txapelketa laburrak jokatzera ohituta baitago Europan, eta fisikoki ere talde indartsua da, egun gutxian hainbeste partida gogor jokatzeko ezinbesteko ezaugarria. Ikusteko dago, hala ere, Patrick Anderson eta Giulio Maria Papi zer sasoitan iritsi diren Italiara, beren selekzioekin Paralinpiar Jokoetara sailkatzeko fasea jokatzetik baitatoz. Errotazioan Manu Lorenzoren hutsunea izango dute bilbotarrek, min hartuta baitago. Eskuan ebakuntza egin zioten orain dela hilabete inguru eta ez da garaiz osatu.
«Manu ez egotea arazoa da, baina talde ona dugu», adierazi du Perezek, baikor. Gehien jokatzen dutenei atsedena ematea giltzarria izango da azken egunera arte hauspoari eusteko, beraz, Italiara joan diren jokalari guztiek jarri beharko dute beren aletxoa.
Ligan laugarren den arren –aurreko denboraldietan baino zertxobait atzerago–, Bidaideak sasoi bikainean iritsi da Eurocupeko zortziko finalera, urtean zehar izan dituzten irregulartasunak ahaztuta. «Asko ikasi dugu ezusteko porrot batzuetatik, taldea dinamika egokian dago», azaldu du Perezek. Larunbatean, Mideba Extremadura aise hartu zuten menpean. Asteburu honetan, aldiz, ligako errutinak alboratu eta Europako erronka du zain Bidaideakek, denboraldiko aurreneko titulua irabazteko aukera aparta. Lehenengo egunetik bizi-bizi ekin beharko diote, baina Macsorley konfiantzaz beteta dago: «Denei irabazteko gai gara».