INFO

Unai Lasok finalerdietarako urrats handia egin du, Labriten Dario menderatu ostean (11-22)

Unai Lasok hanka eta erdi Buruz Buruko finalerdietan sartu du, larunbat honetan Dario Gomez mendean hartu ostean. Hasierako txanpan errioxarrak sakez min eman du baina nafarrak, motorra berotu duenean, aldeak handitu ditu eta ligaxkako bigarren puntua poltsikoratu du.

Unai Laso sasoiko dago Buruz Burukoan; irudian, Labriteko partidan, Darioren aurka. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sasoi betean dago Unai Laso eta Buruz Burukoan sekulako maila erakusten ari da. Akaso ez dago bere momenturik onenean, baina aldakako ebakuntzaren ostean berragertu denetik, partidaz partida bere maila hobetzen ari da. Pasa den astean Altuna III.a jipoitu zuen, Buruz Burukoan hautagai nagusia bera ere badela irmo defendatuz. Bada, larunbat honetan, Labriten, Dario Gomezen gainetik pasa da. Kosta zaio partidari neurria hartzea, errioxarrak sakez mina egin baitio lehendabiziko txanpa horretan.

Bizkarreta-Gerendiaingoak, baina, lehendabizi berdindu (2-2) eta geroxeago irauli egin du markagailua (4-6), poliki poliki, Labriteko kantxan bere zigilua jarrita. Ongi egokitzen da Iruñeko pilotalekura eta alde dituen ezaugarri guztiak bere egiten saiatzen da. Dario Gomezek zail jarri dio, ordea, partida galdutzat emateko ideia begien artetik aldendu nahian.

Errioxarrarentzat ere berebiziko partida zen gaurkoa. Laso eta bera ziren B multzoan garaipen bakarra zuten pilotariak eta beraz, norgehiagokaren irabazleak hanka eta erdi finalerdietan kokatzea suposatzen zuen.

Bederatzina ere berdindu du Dariok baina Lasorentzat izan da abantaila etenaldi luzean, hiru tantokoa (9-11), eta nafarrak ongi kudeatu du abantaila hori. Hain ongi, aldageletatik bueltan 1-5eko partziala ezarri eta garaipena erdi bideratua utzi duela (10-17).

B multzoan agintzen

Alde batetik bestera erabili du Dario Lasok. 16 egindakorekin bukatu du partida Baikoko aurrelariak –horietatik erdiak, sakez–. Alegia, Dariok soilik 6 huts egin dituela, gainontzekoak, 22ra iritsi arte, Bizkarreta-Gerendiaingoa pilotariaren zigilua eduki zuten pilotakadak izan dira.

Motorrak berotzen hasten denean, bere mailarik onena hartzen duen pilotaria da Laso eta partidan atzetik hasi arren, iraultzen dakien horietakoa da, sasoiko baldin badago, nekez ateratzen delako partidatik. Bi partida irabazita, B multzoa agintzen du eta hanka eta erdi finalerdietan kokatu du. Azken jardunaldia Zabaletaren aurka jokatuko du. Etxarrengoak Altuna izango du arerio gaur, biek lehen garaipena eskuratzea izango dute xede.

Fitxa teknikoa

DARIO 11

LASO 22

Pilotakadak: 176 pilotakada. Iraupena: 52:48 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 2-2, 3-2, 4-2, 4-3, 4-6, 8-9, 9-9, 9-11, 9-12, 9-5, 10-15, 10- 16, 10-17, 11-17, 11-18, 11-22. Sakez: 4 Dario Gomezek eta 9 Unai Lasok. Egindakoak: 6 Dario Gomezek eta 16 Unai Lasok. Galdutakoak: 6 Dario Gomezek eta 5 Unai Lasok. Gertaerak: Buruz Burukoaren ligaxkako bigarren jardunaldia, Labriten jokatuta, harmailak jendez beteta.