INFO

Pilota jokoan jartzeko denbora arautuko dute aurtengo Sagardoaren Txapelketan

Sei bikotek hartuko dute parte Erremontari saioaren barruan emango den lehiaketan: Urriza-Martirena (Aburuza), Loitegi-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Aldabe-Juanenea (Gurutzeta), Segurola-Larrañaga (Petritegi), Ansa II-Zubiri (Bereziartua) eta Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea).

Txapelketan parte hartuko duten pilotariak gaurko aurkezpenean. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Produktu gero eta ikusgarriagoa eskaintzea izan da erremonteko Oriamendi enpresak bilatu duen helburu nagusienetako bat eta, bide horretan, pauso berri bat emango du ostegun honetan hasiko den Sagardoaren Txapelketan. Tantotik tantora ematen den denbora nolabait arautu asmoz, «warning» edo «abisuak» izango dira gehiegi luzatuz gero. Sakea egiteko eta errestoan jartzeko 30 segundutako tarte bat egongo da eta muga gaindituz gero abisuak aterako dira eta tanto bat ere galtzera irits daitezke ohartarazpen gorria ikusiz gero. Lehenengo ohartarazpena komunikazioa izango da eta txartel urdina aterako da. Bigarren abisua horia izango da eta sakea aurkariarentzat pasako da. Palan, Buruz Buruko txapelketan antzeko sistema bat erabili dute azken bi urteetan, jokoari bizitasun handiagoa emanaz.

Partidak ETB-1eko Erremontari saioaren barruan eskeiniko dira eta aurten sei bikote arituko dira lehian. Bikote bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du eta gainera aurten kapitain bat izango dute bikoteko. Hauek dira bikote eta kapitainak: Urriza-Martirena (Aburuza sagardotegia-Aritz kapitaina), Loitegi-Barrenetxea IV (Oialume Zar-Iñaki), Aldabe-Juanenea (Gurutzeta-Egoitz), Segurola-Larrañaga (Petritegi-Igor), Ansa II-Zubiri (Bereziartua-Axier) eta Ezkurra II-Azpiroz (Alorrenea-Patri).

Lehenengo fasea maiatzaren 2an, ostegunean, hasiko da eta zazpi jardunalditan denek denen aurka jokatuko dute. Ostegunero ekainaren 13ra arte izango dira partidak Galarretan (maiatzak 2, 9, 16, 23, 30, ekainak 6, ekainak 13).

Puntuaketa sistema

Partidak set formatuan jokatuko dira partidak eta 2-0 irabazten duenak 4 puntu batuko ditu, 2-1 irabaziz gero 3 puntu gehituko dira, 1-2 galduz gero puntua lortuko da, 0-2 galduta ez da punturik batuko, eta lehen bi seten artean 15 tantora iristen ez denak puntu negatiboa izango du. Lehenengo lau postuetan geratzen direnak sailkatuko dira finalerdietara. Bi bikoteen artean berdinketa balego euren arteko partidak erabakiko du sailkapeneko postua eta euren arteko partiduen arteko tanteoak apurtuko du hiru bikoteren arteko berdinketa balego.

Finalerdiak partida bakarrera jokatuko dira ekainaren 20an eta lehenengo sailkatuak, laugarrenaren aurka jokatuko du finalaurreko bat, eta bestea bigarren eta hirugarren sailkatuek jokatuko dute.

Finala, finalaurrekoak irabazten dituzten bikoteek jokatuko dute ekainaren 24an.