INFO
Entrevue
Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeano
Pilotariak

«Txapel berezia da, astero elkarren arteko kohesioa landu dugulako»

Ainhoa Ruiz de Infantek (Otxandio, 2001) eta Leire Galeanok (Antzuola, 2007) irabazi dute Ados Pilotako Binakako txapelketa, emakumezkoetan inoiz egin den txapelketarik luzeena. Lau hilabetez, astero, pilotaleku ezberdinetan zuriz janzteko aukera izatea nabarmendu dute bi pilotariek.

Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeano, Binakako txapelketako txapelekin, Antzuolako pilotalekuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ados Pilotako Binakako Txapelketa bukatu delako apur bat «penatuta» daude  Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeano. Txapelarekin pozik eta egindako txapelketarekin «harro», Antzuolako pilotalekua zapaldu dute bertan finala irabazi eta egun gutxira. Otxandioko aurrelariarentzat «txapelketa intentsoa» izan da, partida oso gogorrekin. Bikote onena izatea lortu dute, baina kosta zitzaien finalerdietarako sailkatzea. Atzetik aurrera egin zuten, baita finalean ere, 15-13 galtzen joan eta 17-22 irabazteraino. «Ikasi dugu denborak edo deskantsuak txapelketa luzeetan oso garrantzitsuak direla eta, batez ere, bikote moduan ondo ulertzea», esan du aurrelariak.

Emakumezkoen pilota sustatzeko bidean txapelketa oparoa izan dela aitortu dute. Txikitatik dute pilotarekin harremana eta, Galeanoren iritziz, «zortekoak» dira orain txapelketak jokatzeko aukerak dituztelako. Klub eta federazioetan ere emakumezkoen pilota hauspotu behar dela nabarmendu du Ruiz de Infantek, zeinak Otxandioko pilota eskolaren ardura hartu duen.

Nola moldatu zarete bikote moduan? Zuen lehen aldia zen batera jokatzen.

Leire Galeano (L.G.): Oso ondo. Lehen partidan igarri zen ez genuela sekula elkarrekin jokatu, baina bigarrenetik aurrera, oso ondo konpondu gara. Batera entrenatzeak ere asko lagundu digu eta uste dut horrek lagundu digula finalerdietarako sailkatzeko orduan.

Ainhoa Ruiz de Infante (AR.I.): Nik uste dut hortik etorri dela garaipena, bikote moduan guk gehitu egin dugula.

Zein izan da garaipenerako gakoa? Elkar ondo ulertzea?

L.G.: Bikotean kohesiorik ez badago, partida bakoitza irabaztea zaila da. Oso garrantzitsua da bion artean ondo ulertzea. Entrenatzeko orduan kohesio hori lortzea garrantzitsua izaten da.

Balio handieneko txapela da hau?

A.R.I.: Bai, berezia izan da. Emakumezkoek jokatu dugun txapelketarik luzeena da, baina batez ere, guk biok orain arte sekula elkarrekin jokatu ez dugunez, zerotik hasi ginen eta astero-astero landu dugu kohesioa ligaxkan. Ligaxka hain luzea izateak eman digu aukera gu bikote moduan sendotzeko. Pena ematen digu txapelketa jada amaitzea. Ligaxkan asko disfrutatu dugu; galdutako bat izan ezik beste guztiak 22-21 galdu ditugu. Irabazi bagenitu beste modu batera izango ziren, baina gauzak horrela izan dira eta oso polita izan da bidea. Gure aitei ere asko gustatzen zaie pilota eta euren artean ere oso ongi konpondu dira. Polita izan da egin dugun harremana.

Eta nolakoa izan zen finala? 15-13 galtzen, hasiera nahiko estua, baina bukaeran 17-22.

L.G.: Hasieratik genekien gogorra izango zela. Beraien aurka txapelketa honetan bi aldiz jokatu dugu eta lehendabizikoan 22-21 galdu genuen, eta hor ikusi zen edozeinek irabazi ahalko zuela. Finalean, urduri hasi nintzen, herrian jokatzea askotan zaila izaten delako. Bagenekien gure jokoa egiten bagenuen irabazteko aukera edukiko genuela. Maddi [Barrocal] eta Naroa [Agirre] ere oso ongi ibili ziren, eta bukaeran apurtu genuen partida.

Galeano: «Ikasi dut partida txar asko ezin zirela eduki, bikote guztiak oso parekatuta zeudelako»

Leire, zer suposatu zuen zuretzat finala zure herrian, jokatu eta gainera irabazteak?

L.G.: Oso polita izan zen. Pilotalekura sartu eta ikustean jende asko zegoela eta herritar asko gerturatu zela asko poztu nintzen. Txapelketa luze baten ostean finalera iristea sekulakoa izan zen eta txapela janzteko aukera izatea oso polita.

Zu, Ainhoa, finalean nola sentitu zinen?

A.R.I.: Finalisten artean zaharrena nintzen, 23 urterekin. Baina ez dut ikusten nire burua finaletara ohituta dagoen norbait bezala. Uste dut gehiago dauzkadala galduta irabazita baino. Ados Pilotako Binakakoan, hiru aldiz sailkatu naiz finalerdietara eta aurten izan da lehen aldia finalera iritsi naizena. Finalerdietara bitarteko esperientzia hori bai eduki nezakeen, baina finalerako berria nintzen. Beti daude nerbioak. Esango nuke normalean baino lasaiago hasi nintzela. Nahi izan nuen biok partidan ongi sartzea; bagenekien partida gogorra izango zela eta hutsegite gutxien egiten zuen bikoteak irabaziko zuela. Hainbeste berdinketa egin eta gero, hamabosnako berdinketaren ostean, konfiantza gehiago hartu nuen, sakearekin min gehiago egin nuen, zuloak hobeto ikusi genituen Leirek eta biok, eta azken txanpan apurtu genuen partida.

Lau pilotariak elkar agurtzen, Antzuolako finala amaitu berritan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Nola ikusi zenuten bakoitzak bestea?

L.G.: Ainhoa lasaiago ikusi nuen eta horrek konfiantza eman zidan. Partida erdialdetik aurrera gehiago sartzen hasi nintzen eta Ainhoak aurrean ongi defendatu zuen eta tantoak bukatzeko orduan asmatu egin zuen. Asko lagundu zidan.

A.R.I: Kontziente nintzen bere herrian izanda horrek beti areagotzen dituela nerbioak. Txapelketan konfiantza handia eraiki dugu. Badakit aurrelari batentzat atzelari oso segurua dela. Agian ez du hainbeste luzatzen, baina jokoa asko mugitzen du, ezkerrera zein eskumara, eta hutsegite oso gutxi egiten ditu. Gainera, zuloa ikusten badu, tantoa amaitzeko gaitasuna ere badauka. Niretzat aurrelari moduan, seguro bat da.

Garaipen honek zer suposatzen du zuentzat?

L.G.: Niretzat txapelketa garrantzitsua izan da. Inoiz ez neukan jokatuta horrelako txapelketa luze bat. Ikasi dut erregulartasun hori mantentzea funtsezkoa dela txapelketa luzeetan. Eta partida txar asko ere ezin zirela eduki, bikote guztiak oso parekatuta zeudelako. Saiatu ginen ahalik eta ondoen egiten, eta pentsatzea hori lortu dugula niretzat  oso polita izan da eta irabazi dudan txapelik garrantzitsuenetakoa da.

A.R.I.: Hiru urte daramat Ados Pilotan; apurka-apurka txapelketa potente asko dabil egiten eta hau izan da horietako bat. Horrelako txapelketa bat irabaztea sekulakoa da. Txapel hau zure etxean ikusteak konfiantza handia ematen dizu eta harro sentitzen zara hau lortzeko gai izan garelako.

Ruiz de Infante: «Guztira 58 partida izan dira, emakume pilotariontzako benetako apustu bat den adierazle. Eta ikusten da zer nolako bidea marraztu nahi den»

Zer ekarri dio txapelketa honek emakumezkoen pilotari?

L.G.: Horrelako txapelketa bat egiteko lan handia dago atzean. Guretzat, pilotariontzat, oso aberasgarria izan da, ze horrelako txapelketa luze bat izanda, hor erakusten dugu gu ere hemen gaudela, pilotalekuetan gaudela eta badakigula pilotan. Lan hori eskertzekoa da.

A.R.I.: Inoiz egin den txapelketa luzeena izan da. Guztira 58 partida egon dira; sekulako zifra da hori, emakume pilotariontzat benetako apustu bat den adierazle. Eta ikusten da zer nolako bidea nahi den marraztu. Asteburuero lau hilabetetan partida bat bermatzea, zuriz janztea, balio handikoa da pilotariontzat. Baina batez ere nabarmendu nahiko nuke egin den lana, hainbat udalek interesa eduki dutela emakume pilotarien aldeko apustua egiteko.

Finalean, Ainhoa, zu zinen zaharrena; pilotari gazte asko zaudete bidea egiten. Etorkizun oparoa ikusten da?

A.R.I.: Oraindik gure kasuan, Adosen, adin anitzeko pilotariak daude eta hori ere polita da, jokamolde ezberdinak ikusteko. Baina atzetik datozenak ere behar dira eta klubek apustu egitea beharrezkoa da, bai eta federazioetan ere emakumeentzat txapelketak egitea ere. Apurka-apurka badoa zerbait mugitzen eta normalizatzen ari da. Hala eta guztiz ere, oraindik promozio mailakoetan badago hutsunea, baina urteen beharra da eta apurka-apurka etorriko dira.

L.G.: Eta uste dut alde horretatik guk zortea daukagula. Lehen pilotan jokatzeko aukerarik ez zegoen adin tarte batetik aurrera ez zegoelako txapelketarik. Eta orain egiten ari diren lan horri esker, txapelketa gehiago daude, bai guretzat bai atzetik datozenentzat. Aberasgarria da.