INFO

A Multzoko korapiloa erabat aska dezake Javi Zabalak Labriten larunbatean bertan

Artola finalerdietarako sailkatuta –lehen postua izango du jokoan–, errioxarra da finalerdietarako bigarren txartela bere esku duen pilotari bakarra. Horretarako alegiarrari irabazi beharko lioke, 22-14ko emaitzarekin lehen postu hori berea izateko.

Javi Zabalak bere esku du finalerdietarako txartela. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bere lehen parte hartzean, lehen mailako Buruz Burukoaren langa gainditzea bere esku du Javi Zabala errioxarrak. Lehen kanporaketan Mikel Urrutikoetxea bezalako txapeldun bat kaleratu ostean, egungo gerriko gorriaren jabea, Aitor Elordi, eta Joseba Ezkurdiaren moduko pilotari handi bat kaleratu ditzake Logroñokoak larunbat honetan Iruñeko Labriten.

Horretarako, ligaxkako bere partidak irabazita hurrengo kanporaketarako sailkatuta dagoen Iñaki Artola gainditu beharko du Aspeko aurrelariak. Bigarren txartel hori jokoan duten hiru pilotarien artean bera da gauzak bere esku dituen pilotari bakarra eta, 22-ra helduta, batere aukerarik gabe utziko lituzke igandean elkarren aurka  Bilbon jokatuko duten Elordi eta Ezkurdia. Are gehiago, multzoko lehen postua ere eskura du Zabalak, horretarako zortzi tantoren aldearekin nagusitu beharko litzateke Iruñean.

«Nire helburua lasai jokatzea da, aurrekoan egin nuen bezala. Dinamika bera eramaten saiatu, tantoa dominatzen duena ni izan nadila eta oldarkorra izan», adierazi zuen atzoko material aukeraketan. «Presiorik ez dago, jokatzeko partida ederra da, jokatzeko primerako pilotalekuan. Hilabete asko daramatzat lanean hor egoteko eta lasai irtengo naiz», gaineratu du.

Partida galduta ere, oso muturrekoa den arren, izango luke aurrera egiteko aukeraren bat errioxarrak, baina horretarako Ezkurdiak 22-3 irabazi beharko lioke Aitor Elordiri igandean. «Galduz gero ez dakit ze kalkulu egin beharko nituzkeen finalerdietan egoteko. Asmo bakarra irabaztera irtetea da, ondo jokatzea eta 22ra heltzea», azaldu du.

Printzipioz, Iñaki Artolak kantxara beste patxada batekin irten beharko luke kantxara, dagoeneko ziurtatuta baitu bere tokia finalerdietan. Bertan Laso ekiditeko bere multzoko lehen postuan amaitu behar du eta horretarako nahikoak ditu 14 tanto. Honek, ordea, finalaren atarian Jokin Altunaren aurka jokatu beharra ekar dakioke alegiarrari, baldin eta amezketarra Dariori hurrengo astean irabazteko gai bada. «Argi dago presio gehiegirekin jokatzea txarra dela pilotarentzat, baina gutxiegirekin aritzea era bati eta nire helburua izango da hain justu erdiko puntu hori aurkitzea. Aurrekoetan tentsio gehigorekin joateko arriskua zegoen eta orain beste aldekoa eta ez nuke nahi, ikusleei, aurkariei eta gainontzeko pilotariei zor zaien errespetuagatik halakorik gertatzerik nahi. Aldi berean, nire prestakuntzari begira ere irabazi nahiko nuke. Ez legoke finalerdia hartzeko modu hoberik aurreko lau partidak irabazita heltzea baino eta helburu horrekin irtengo naiz», adierazi du.

Material desberdina

Bi pilotariak arazo fisikorik gabe, materiala ere ez omen da aitzakia izango larunbateko partidarako, nahiz eta Iñaki Artolaren iritziz, berak eta Zabalak aukeratutako pilotak «desberdin xamarrak» izan. «Nire bat pilota ilunagoa eta zakarragoa da eta bere bat bote gehiagokoa, irteera gehiagokoa, baina denak Labritek baimentzen duen muga horren barruan sartzen dira eta pilota onak direla esango nuke», azaldu du txintxarriak. Artolaren garaipena behar duten Elordik eta Ezkurdiak urduritasunez jarraituko dute partida.