INFO

Zazpi milioi kilo antxoa eta bederatzi milioi berdel sartu dira Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan

Getaria, Pasaia eta Hondarribian ia hiru milioi kilo antxoa sartu dira, batez beste kiloko 1,55 euroko prezioan. Bermeo, Ondarroa eta Santurtzin, 3.800.000 kilo deskargatu dira, 1,47 euroan. Berdelari dagokionez, Gipuzkoara 5.600.504 kilo sartu dira, 1,26 euroan; Bizkaira, 3.550.000, 1,44 euroan.

Antxoa deskargatzen, Getariako portuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Arantxa Tapia, Getariako Antxua Eguneko ekitaldietan izan da ostiral honetan. Bertan, antxoaren eta berdelaren arrantzari buruzko datuak aurkeztu ditu. Berarekin izan dira Haritz Alberdi alkatea, Bittor Oroz Arrantzako sailburuordea, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidentea, baita Miren Garmendia eta Eusebio Arantzamendi, hurrenez hurren, Gipuzkoako eta Bizkaiko Kofradietako ordezkariak ere.

Maiatzaren 1eko datuen arabera, guztira 6.734.991 kilo antxoa deskargatu dira Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan, 1,51 euroko batez besteko prezioan. Horietatik 2.619.836 kilo bertako baxurako flotak deskargatu ditu, 1,61 euroan, 4.229.248,05 euroko fakturazio osoarekin.

Getaria, Pasaia eta Hondarribian, 2.938.439 kilo sartu dira, batez beste kiloa 1,55 euroan. Bermeo, Ondarroa eta Santurtzin, berriz, deskargak 3.800.000 kilo ingurukoak izan dira, 1,47 euroan.

Tapia sailburuak arrantza sektorearentzat kosteraren bilakaera positiboa izatea espero du, bai harrapaketei dagokienez eta bai batez besteko prezioei dagokienez. Iaz, data beretan, 3,2 milioi kilo antxoa harrapatu zirela oroitu du, kiloko 1,97 euroko batez besteko prezioan.

Antxoaren Estatu espainiarraren kuota 31.614.622 kilokoa da arrantza honetan. Kantauri mailan (Euskal Herria, Kantabria, Asturias eta Galizia), harrapaketak 11,4 milioi kilokoak dira, hau da, Estatuko kuotaren %36.

Berdelaren kosterako datuak

Berdelaren arrantzari dagokionez, hilaren hasierara arte Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan 9.150.787 kilo sartu dira, eta kiloko 1,33 euroko batez besteko prezioa jaso dute. Horietatik, euskal flotaren harrapaketak 5.826.083 kilokoak dira, 1,21 euroan. Fakturazio orokorra 7.041.584 eurokoa da.

Gipuzkoako portuetan 5.600.504 kilo deskargatu dira, batez beste 1,26 euroan. Bizkaian, aldiz, deskargak 3.550.283 kilo ingurukoak izan dira, 1,44 euroan.

Arrasteko, inguraketako eta tresna txikietako flota

Berdelaren Estatuko kuota arrantzan aritzen diren ontzidi-segmentuen artean banatuta dago (arrastea, inguraketa eta aparailu txikiak). Dagoeneko, berdel kostera azken txanpan dago. Arrasteko eta inguraketako bertako flotari dagokionez, harrapaketek kuotaren %87 eta %100 hartu dute, hurrenez hurren. Bertako flotaren arraste-kuota 180.000 kilokoa da, eta inguraketa-kuota, 4,3 milioi kilokoa.

Ontziteria txikienari dagokionez, Bizkaiko flotak 3,3 milioi kilo ditu, eta horietatik %21 harrapatu dute. Gipuzkoako flotari dagokionez, 1,4 milioi kiloko kuota du, eta harrapaketak %29ra iritsi dira.

Nahiz eta berdelaren arrantzaren batez besteko prezioa, oro har, apur bat igo den aurreko urtearekin alderatuta (1,05 euro kiloko), berdelaren harrapaketen jaitsierak ez du konpentsatzen, batez ere azken hiru urteetan arte txikien arrantza jasaten ari den jaitsiera nabarmenagatik, arrantzaleen iritziz.