Jauzi Ekosoziala, «justizia sozialean oinarritutako trantsizioa bultzatzeko» eragile berria
Mugimendu ekologistak Euskal Herrian behar dituen berrikuntzei erantzuteko eragile berri bat sortu da: Jauzi Eskosoziala. Trantsizio ekosoziala bultzatzea izango du helburu nagusi, eta horretarako kontzientziazioan, transbertsalitatean eta alternatiba bizigarrietan jarriko dute indarra.
Larunbat goiz honetan aurkeztu dute Jauzi Ekosoziala eragile berria Eibarren. Momentuz, Hego Euskal Herrian izango duela eragin esparrua azaldu dute, eta hasieratik beraien helburu nagusia mahagaineratu dute: «Larrialdi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko Euskal Herrian justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea, horretarako borroka kulturala disputatuz eta gehiengoak artikulatuz».
Eragile berria aurkezteko Eibarreko Untzaga plazan elkartu dira Euskal Herriko hamaika txokotako ekologistak, asko tokian tokiko eragileetan arituak ‘Sistema ekozidaren aurrean jauzi ekosoziala’ jartzen zuen olana handi baten azpian. Eragile berriaren xedea azaltzearekin batera nondik datozen adierazi dute, laburrean. 2022ean Portugaleten egindako Ekotopaketen ostean sortu zen Jauzi Ekosoziala dinamika modura, eta zazpi hilabetetako hausnarketa prozesuaren ondoren, eragile bihurtzea deliberatu dute.
Mugimendu ekologistak tradizio luze eta emankorra izan duela Euskal Herrian gogoratu dute, eta azken hamarkadetan makro proiektuen aurkako borroketan sakabanatuta egon dela, «borroka horiek ezinbestekoak badira ere, krisi ekosozialari erantzun indartsu eta osatu bat emateko, mugimendu ekologista bateratuago baten falta zela eta abiatu genuen hausnarketa».
💥 HEMEN GAUDE! #EginJauzi pic.twitter.com/V4CuY9VH1k
— Jauzi Ekosoziala (@JauziEkosoziala) May 4, 2024
Euskal Herriko ikuspegi guztiak aintzat hartu eta lantzea izango da eragile berriaren erronketako bat, eta munduko beste borrokei ere begiratuko diela kontatu dute aurkezpenean. Bestalde, hiru helburu zehatz aipatu dituzte: batetik, trantsizio ekosozialaren inguruko gogoeta gizarteratzea. Bigarrenik, ekologismoan aktibatuta ez daudenengana heltzea, hau da, gehiengo soziala aktibatzea transtizio ekosozialaren bueltan antolakuntza zabal eta egonkortua lortzeko, horretarako ekologismoa modu transbertsalean lantzea proposatzen dute. Eta hirugarrenik, «alternatiba integral eta bizigarriak planteatzea, beti ere justizia sozialean oinarrituta».
Gizartearen parte hartzea eta burujabetzak
Egiturazko eraldaketei bidea irekitzeko hezkuntza eta burujabetzak giltzarriak direla nabarmendu dute. Eta gainera, parte hartzea indartu nahi dutela, horretarako «belaunaldi berriei eta harremanen zaintzari leku berezia» egingo dietela azaldu dute. Mundu pluralago eta ekofeministago bat ere sortu nahi dutela izan dute aipagai, «eta horretarako deseraikitzea dagokigu», zehaztu dute.
Jauzi Ekosozialak orain artean izandako ibilbidean «burgesiaren luxuzko bizimodua» kritikatu izan dutela gogoratu dute, haien baliabideen xahutzea eta kutsadura salatuz, «hori egin genuen adibidez, ‘Haien luxuak gure fakturak’ kanpainan».
Udara honetan izango dute lehen mugarria: «Uda honetan gehiegikeriaren gizarte honetan nahikotasunez bizitzeko beharra aldarrikatuko dugu. Udan egiten diegun kontsumo neurrigabeei alternatiba jasangarriak eskainiko dizkiegu». Eta udazkenerako, eragilearen beraren alde organizatiboa indartu nahi dutela adierazi dute, herrialdeka zein eskualdeka antolatzeko asmoa baitute. Baina hori baino lehen maiatzaren 11rako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako mobilizazioarekin bat egiten dutela jakinarazi dute.
Azkenik, informazio osagarria zein beraien hurrengo urratsak sare sozialen bidez zabalduko dituztela esan dute, jada webgunea ere martxan dute.