Trenen zirkulazioa eten da Irun eta Lezo artean Gaintxurizketan azaldu diren arrakalengatik
Renfek iragarri du trenen zirkulazioa etenda dagoela Irun eta Lezo-Errenteria geltokien arteko zatian azpiegituran izandako «gertakari» baten ondorioz. Adifen arabera, astelehenean Gaintxurizketako tunelean ohiko ikuskapen batean arrakala batzuk antzeman zituzten.
Renfeko Gipuzkoako aldirietako zerbitzuan murrizketa gehiago izango dira. Tren konpainiak astearte honetan jakinarazi zuenez, trenen zirkulazioa etenda dago Irun eta Lezo-Errenteria geltokien arteko zatian, azpiegituran izandako «gertakari» baten ondorioz.
Adifeko iturriek Eferi azaldu diotenez, astelehenean Gaintxurizketako tunelean ohiko ikuskapen batean arrail batzuk antzeman zituzten eta horren ostean erabaki dute aldirietako tren zerbitzua etetea «hamabost egun inguruz».
Gogoratu beharra dago Gaintxurizketako tunelean lanean ari direla hirugarren erreia ezartzeko, abiadura handiko trena (AHT) Irunera iristeko. Ohar batean Renfek azaldu duenez, «profesional espezializatuak» bertan dira egoera ahalik eta lasterren konpontzeko.
Konpondu arte, Irun eta Irungo Bentak abiapuntu edo helmuga dituzten bidaiariek Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzua erabili beharko dute, tren aldaketa eginez Irun eta Pasaiako geltokien artean. Topoak zerbitzurik ematen ez duen uneetan autobusez egin ahal izango dute Irun eta Lezo-Errenteria arteko ibilbidea.
Tren zerbitzuaren murrizketa
Pasa den hilean ere arazoak izan ziren ere Gipuzkoan Renfek eskaintzen duen aldirietako tren zerbitzuan. Izan ere, AHTren lanen ondorioz, enpresa publikoak zenbait ordutegi aldatu ditu. Zerbitzuan murrizketa nabarmenak egin dituzte eta erabiltzaile eta eragileen haserrea sortuz.
Eguzki talde ekologistak zalantzan jarri zuen AHT inoiz martxan jarriko dutenik eta salatu zuen haren azpiegituretan «milioiak xahutu eta xahutu» jarraitzen dutela, herritarrek lanera edo ikastera joateko darabilten zerbitzua «etengabe degradatzen» ari den bitartean.