INFO

Yolanda Arrieta: «Asmatu behar dena da nola izan zaharra»

«Entsegu poetiko bat» da, Yolanda Arrietaren hitzetan, ‘Etxe bat norberarena’ (Alberdania). Bi ‘hanka’ dituen proiektu honek –liburua eta Peru Galbeterekin egiten ari den emanaldi musikatua–, sustrai ugari ditu: dolua, zahartzaroa gertu ikustea...

Yolanda Arrieta, ostiral honetako aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Euskaraz sortzen duen andrazko autonomoa eta zahartzaro atarian dagoena»; horrela definitu du bere burua Yolanda Arrietak (Etxebarria, 1963) Donostian eman zuen prentsaurrekoan. Euskadi saria irabazi zuen 2015ean, eta hainbat liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan zein helduenean. Baina ‘Etxe bat norberarena’-k (Alberdania) ‘zerbait’ desberdina dirudi, beste ibilbide, bidezidor edo muga batzuk arakatu izan balitu bezala. Agian, gizakiok 60 urte betetzean, ohartzen garelako bizitzaren bukaera gerturatzen ari dela. Eta horri, nola aurre egin?

Hain justu, liburu honen materialarekin ondu zuen ‘Etxe bat’ emanaldia, Peru Galbeteren laguntzarekin musika eta hitzak biltzen dituen poesia errezitala. Orain, forma eman dio. «Genero literario bat baino gehiago erabiltzen du: badu kronikatik, badu autokontakizunetik, badu saiakera literariotik… Aberatsa da horretan ere proposamena», aipatu du Aritz Galarragak, editore lanak egin dizkionak.

Hemen, Virginia Wolfen ‘Gela bat norberarena’ klasikoaren erreferentziak daude. Wolfek gelak aipatu zituen: «Guztiz desberdinak dira gelak: badira gela lasaiak, eta gela zaratatsuak; itsasora ematen dutenak edo, aitzitik, espetxeko patiora ematen dutenak; arropa garbia zintzilik dago batzuetan, eta opaloz eta zetaz apainduta daude besteak; zaldiaren zurdak bezain lakarrak dira batzuk, eta lumak bezain bigunak besteak; edozein kaletako edozein gelatan sartu besterik ez du batek, eta berehala sumatuko du emetasunaren indar txit konplexua».

Yolanda Arrietak fokua zabaldu du; gelaren ordez, etxea: «Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu ‘La Poétique de l’espace’ entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut –irakur daiteke liburuaren sinopsian–. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea».

Erreferentzia ugari aurkitu daitezke gogoeta hauetan: Mari Luz Estebanen eta Arantza Urretabizkaiaren ‘zahartzaro berriaren’ inguruko hausnarketak, Remedios Zafrak garai digitalean sortzaileen lan baldintza prekarioei buruz argitaratutako lanak, Siri Hustvedten liburuak...

«Euskaraz sortzen duen autonomoa, andrazkoa eta zahartzaroaren atarian dagoena naiz, eta, ez da esaten, baina horretan ere badago kristalezko sabaia. Badago ‘edadismoa’»

Yolanda Arrietak bere entsegua bost zatitan banatu du. Lehenengo zatiak ‘(H)abiaguneak’ du izena... h-rekin edo gabe idatz daitekeen hitza: «Etxeak habiak dira, baina baita ere zerbaitetan abiatzeko tokiak», bere esanetan.

‘Oinordetzak’ edo memoria da bigarren atala: «Nostalgiarik gabe, baina ukatu gabe nondik natorren. Baina nik aukeratzen dut zer nahi dudan gorde nire memorian».

Hirugarrena, ‘Bitarteak’: «Nire lehenengo etxea 60 urterekin lortu dut, babes ofizialekoa da. Andrazko autonomoa izateko askatasunarekin ordaindu behar izan dut, alokairuan bizi izan naizelako».

Laugarrenaren izendapena, ‘Diasporak’: «Etapa baten bukaera amaren heriotzak markatu du eta, hori gertatzean, zahartzaroari eta heriotzari buruz hasten zara pentsatzen –aipatu du–. Horrek dakarren doluarekin, lurrik gabeko toki bat delako. Baina lur berri baterako amu bat ere izan daiteke».

Eta, bosgarrena, ‘(H)ariguneak’: «60 urte eta erdi ditut orain, baina datorren aldi hau iruditzen zait izan daitekeela adin interesgarri bat».

Aldarrikapen baten isla al da liburua? «Gaztetasuna aldarrikatzen dut, baina irautea ere balio bat da –aipatu du idazleak–. Eta eskarmentua ere balore bat da. Orain denak behar du izan bizkor, berri edo gazte. Helduak izaten ere jarraitu dezakegu gazteen indarrarekin eta asmatu behar dena hori da: nola izan heldua edo zaharra. Baina inork ez dezala esan nola izan behar dugun ez emakume, ez sortzaile, ez zahar. Badakigu zaintzen, baina gure burua ere zaindu behar dugu eta ez dugu isildu behar».