INFO

Plazara! merkatuak ez du jarraituko Lizarrako Udalak ezarritako egungo baldintzen ondorioz

Lizarraldeko ekoizle txikien elkarteak bost urte baino gehiagoz garatutako Plazara! merkatuak ez du bere ibilbidea jarraituko UPNk ezarritako egungo baldintzen ondorioz. Salatu dutenez, Udalak merkatuaren araudi berria onartu du, «ekoizle txikien elkartearen ekarpenak kontuan hartu gabe».

Lizarran larunbat honetan egindako agerraldia. (PLAZARA!)

Lizarraldeko ekoizle txikien elkarteak agerraldi batean azaldu duenez, UPN Lizarrako Alkatetzara heldu zenetik Plazara! proiektuak «zailtasun eta oztopo ugari eta laguntza falta bizi izan ditu». Horregatik, Plazara!-n parte hartzen duten ekoizleek hileroko merkatuarekin ez jarraitzea erabaki dutela adierazi dute, «egungo baldintzak aldatu arte».

Ekoizle txikien elkartetik zenbait aldarrikapen mahigaineratu dituzte hileroko merkatuak jarraitu ahal izateko. Hala, «Plazarak hasieratik izan dituen esentzia eta helburu berberak dituen udal merkatua izaten jarraitzea eta dibulgazioren bidez Udalak lagundu eta sustatzen jarraitzea» exijitu dute.

Halaber, erabakiak hartzerakoan ekoizleen benetako parte-hartzea bermatzea eskatu dute, izan ere «Lizarrako Udalak Plazara! merkatuaren araudi berria onartu baitu, ekoizle txikien elkartearen ekarpenak kontuan hartu gabe».

Ohartarazi dutenez, Lizarraldeko ekoizle txikien elkarteak gainontzeko elkarteekin alderatuta «desabantailan» dago, eta «irabazi-asmorik gabeko elkartea den heinean, gainerakoen baldintza berdinak» izan behar dituela gaineratu dute, «karpak erabiltzeko, tasak ordaintzetik salbuetsita egoteari dagokionez».

Hileko bigarren larunbatero egiten den azoka

Plazara! Lizarran hileko bigarren larunbatero egiten den azoka da, eta bertan Lizarraldean hazi eta prestaturiko elikagaiak aurki ditzakete, ekoizpen ekologikoari lehentasuna emanez.

«Kalitate paregabeko produktuak dira, bertakoak eta jasangarriak, ekoizten dituenari zuzenean erosteko berme eta konfiantzarekin, landa-ekonomia eta nekazaritza-sektorea lagunduz, gure ingurumena eta gure osasuna zainduz», azpimarratu dute larunbat honetako agerraldian, eta Plazara! proiektu estrategikoa dela azpimarratu dute, «batez ere inguruko nekazaritzari laguntzeko, beren lanagatik diru-sarrera duin bat lortzeko, beren burua ezagutzera emateko, beren burua sustatzeko, kontsumo-sektorearekin konfiantzazko harremanak ezartzeko, merkaturatze-bide laburrak indartzeko, biztanleriari eta turismoari produktu osasuntsu eta kalitatezkoak eskainiz, paisaia mantenduz, landa-hustea geldiaraziz, ingurumena zainduz, nekazaritza ekologikoa sustatuz edo klima-aldaketari aurre egiten lagunduz».

Gainera, nabarmendu dute ekimen hau eskualdeko nekazaritza-produktu tradizionalen hileroko erakuslehioa dela Lizarrako erdigunean, eta salatu dute jatorri urruneko produktuenk «nekazaritza-sektorearen, kontsumitzaileen eta planetaren hondamena» suposatzen dutela, «dakarten eragin ekonomiko, sozial, klimatiko eta ingurumenekoagatik».