INFO

Getxok Iberdrola Ligara igotzeko finala jokatuko du Burgos gainditu ostean (29-10)

Bizkaitarrek Complutense Cisneros taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak datorren igandean Faduran. Garaipena lortuko ez balute, beste aukera bat izango lukete Eibarren aurkako azken kanporaketan.

Getxoko jokalariak entsegu bat ospatzen Faduran. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Getxoko emakumezkoen taldeak Ohorezko Mailara itzuli nahi du, eta Iberdrola Ligara zuzenean igotzeko finala jokatuko du datorren igandean. Izan ere, Burgoseko Pinguinas taldea garaitu dute gaur eguerdian Faduran jokatutako finalerdian (29-10).

Talde bizkaitarrak denboraldiko partida guztiak irabazi ditu, eta horregatik, etxean jokatu du norgehiagoka. Dena den, uste baino zailagoa izan da garaipena eskuratzea. Getxo markagailuan aurreratu da partida hasieran. Hain zuzen ere, Naia Goirienak entsegua egin eta Naroa Azpitartek puntu gehigarriak eskuratu ostean (7-0). Atsedenaldiaren aurretik, ordea, Eva Rincon lehen lerrokoa kaleratu egin dute txartel gorriarekin, eta asko zaildu zaio norgehiagoka.

Burgos ere bat gutxiagorekin geratu da hamar minuturako jokalari batek horia ikusi ondoren. Tarte horretan, Naroa Azpitartek zigor kolpe bat gauzatzea lortu du bigarren zatiaren hasieran. Hala ere, jokalaria itzuli denean kanpoko taldeak partida berdintzea lortu du 60. minutuan (10-10).

Zorionez, Getxok azkar erantzun du Itsaso Reina eta Hammersleyren entseguekin. Era berean, Naroa Azpitartek ez du hutsik egin jaurtiketekin eta partida amaieran beste entsegun bat gehiago lortu du Barbara Plak.

Getxok Complutense Cisneros taldearen kontra jokatuko du igotzeko finala datorren igandean Faduran. Ez badute garaipena lortzen, beste aukera bat izango dute Eibarren kontra. Armaginek Iberdrola Ligatik zuzenean jaistea ekidin zuten, eta maila mantentzeko kanporaketa bat jokatuko dute Ohorezko B Mailako txapeldunordearen kontra.

Top 14 eta Pro D2

Avironek garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Racing 92 taldearen aurka (28-37). Top 14 ligako jaitsiera postuetatik ihes egitea lortu dute txapelketa amaitzeko hiru jardunaldi geratzen direnean. Hala ere, oraindik puntu gehiago lortu beharko dituzte maila mantentzeko.

Biarritzek, berriz, galdu egin zuen ostiral iluntzean Agileran Provence taldearen aurka (16-27). Klubaren jabetzan egondako aldaketaren ostean, giro bikaina izan zuten harmailetan. Dena den, ezin izan zuten punturik lortu eta azken jardunaldian erabakiko da beren etorkizuna Briven zelaian. Datorren ostiralean jokatuko da norgehiagoka, eta Biarritzek Pro D2 mailan postu bat ziurtatu nahi badu garaipena lortu beharko du. Bestela, Montaubanen emaitzaren menpe egongo da.

Avironek Racing 92 taldearen zelaian irabazi zuen azken jardunaldian. (Arnaud FINISTRE / AFP)
Avironek Racing 92 taldearen zelaian irabazi zuen azken jardunaldian. (Arnaud FINISTRE / AFP)