INFO

Palestinaren alde, hezkuntza komunitatea kalera atera da Hego Euskal Herrian, Ikamak deituta

Ikama ikasle antolakundeak lanuzte eta mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburu eta eskualde buruetan astelehen honetan, genozidioa salatu eta Palestinari elkartasuna adierazteko.

Bilbo, Donostia eta Gasteizen mobilizazioak izan dira eguerdian. Irudian, bizkaitar hiriburua. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Ikama ikasle mugimenduak mobilizazioak eta lanuzteak egin ditu astelehen honetan Hego Euskal Herriko ikastetxeetan, nazioarteko #StudentsForGaza mugimenduarekin bat eginez. Palestinako ikurrek lagunduta eta ‘Genozidioa gelditu’ lelopean, hiriburu zein eskualde buruetan pilatu dira ikasleak, hezkuntza komunitate osoari zabaldu dioten deialdi batean.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen gaur eguerdian egin dituzte mobilizazioak. Iruñean, aldiz, 19:00etan aterako dira kalera.

Mobilizazio hauekin «mundu mailan hedatzen ari den olatuari» segida eman nahi dio Ikamak. «Unibertsitateetako kanpusetako kanpaldiek arrakasta handia izan dute eta, aldarriak mahai gainean mantentzeko, deialdiak ahal bezain laster egitea erabaki dugu», azaldu du Nahia Artza Ikamako kideak NAIZ Irratian.

Ikasleriak «mobilizazio zikloaren lekukoa hartu eta unibertsitateetan kanpaldiekin egin bezala ikastetxe guztietara zabaltzeko unea» dela iritzi du ikasle mugimenduak. Zazpi hilabete dira Palestinaren aurkako erasoa bete zenetik eta orain Rafah-n bizitzen ari diren egoera ere gogoan izan du Artzak.

Halako mobilizazioak «inoiz baino garrantzitsuagoak» direla azpimarratu du ikasle mugimenduak, izan ere, haien hitzetan, «Israelek palestinar herriaren erabateko desagerpena baino ez du helburu». Horregatik, nazioarteak «planto» egin behar duela defendatu dute.

«Aski da, genozidioarekin amaitu beharra dago», adierazi dute. Era berean, Ikama «beti Palestinako herritarrekin» egongo dela nabarmendu dute.

Ikamatik, gainera, Euskal Herriko erakunde «ekonomiko eta politikoei» eskatu diete «Israelekin dituzten akordio guztiak» gelditzeko. Gainera, adierazi dute «historikoki» ikasleek beti erakutsi dutela gauzak aldatzeko «gaitasun mobilizatzailea» eta «oraingoan ere horrela izatea beharrezkoa» dela.

Honela, kanpusetako mobilizazioen indarrari jarraipena emanez, «hezkuntza eremu osoari» zabaldu nahi dute ekimena.

Hala ere, hainbat eremutan ezin izan dituzte lanuzteak gauzatu. Artzak azaldu duenez, «azterketa garaian gabiltza, batxilergoko ikasle pila gabiltza bueltaka azterketak direla-eta eta honen ondorioz ezin izan ditugu lanuzteak aurrera eraman». Hala ere, insistitu du, «hezkuntza komunitate osoa gonbidatzen dugu mobilizazio hauetan parte-hartzera. Sarraski latza da eta ikasle eta eremu osoko parte-hartzaileak honen jabe izan behar gara».