INFO

Joan Mari Torrealdairen tesiaren liburua plazaratu dute, zentsuraren ingurukoa

Joan Mari Torrealdai Nabearen tesiaren liburua plazaratu dute Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Campusean: ‘La censura gubernativa y el libro vasco’. Aurkezpena baliatuz zentsuraren jardunaldia egin dute. «Bere lanari esker, badakigu pertsekuzioari pertsekuzio deitzen», esan du Lorea Agirrek.

Joan Mari Torrealdairen ‘La censura gubernativa y el libro vasco’ aurkeztu dute. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Joan Mari Torrealdai Nabeak (Forua, 1942 - Usurbil, 2020) lan handia egin zuen bere bizitzan, baina gauza asko bukatu gabe geratu zitzaizkion, horietako bat zen zentsurari buruzko bere tesiaren liburua argitaratzea. ‘Jakin’-eko lagunek bete dute bere nahia, eta astearte honetan aurkeztu dute ‘La censura gubernativa y el libro vasco, 1936-1983. Análisis de los informes del lectorado’. Paperean dago, eta baita aldizkariaren webgunean ere, Torrealdairen gainerako lanekin batera.

Deustuko Unibertsitatean irakurri zuen tesia forutarrak 1991n, eta bertan plazaratu dute liburua, Donostiako Campusean, zentsurari buruzko jardunaldi batean.

Lorea Agirre Dorronsoro ‘Jakin’-eko zuzendariak sarrera posible bat eta hamar txio posible proposatu ditu. Kontatu du Torrealdai Arantzazun eskolatu zela, Teologia ikasi zuela Okzitaniako Tolosan, Soziologia Parisen eta Informazio Zientziak EHUn. ‘Jakin’-en 1964an hasi zen, hamarkadetan izan zen eragile eta zuzendari, eta lehendakari izan zen 77 urterekin hil zen arte. ‘Euskaldunon Egunkaria’-ko administrazio kontseiluko kide eta zuzendari izan zen, euskaltzain oso, Azkue bibliotekako batzorde buru... Idazlea, soziologoa, kazetaria, euskaltzalea, mendizalea, maratoizalea eta bizitzaren maitalea zen.

Bere hiru kezka aipatu ditu Agirrek: euskara batua, liburutegi nazionala eta zentsura. Zentsura bizi izan zuen bere bizitzako hainbat eremutan, zentsuraren ikerle izan zen, eta azken urteetan ere jazarri zuen zentsurak. «Ez ukatu, behintzat gu hil arte», esaten zuen.

«Euskal mundua, subsumitua»

Euskalgintzaren Kontseiluan, Elkarren... parte hartu zuen erakunde guztietan lan egin eta lan eginarazi zuela adierazi du ‘Jakin’-eko zuzendariak, eta beregandik ikasitako hamar lezio zerrendatu ditu: «Taldearen garrantzia; lana etika bat bezala, nor egiten gaituen zerbait bezala; militante profesionala; herri mugimenduen autonomia errespetatu eta beren ekarpena balioan jartzea; azpiegiturak sortu eta indartu beharra; euskalgintzan herri ekimena eta instituzioak eskuz esku aritzea eta ez elkarri bizkarra emanda; euskal mundua subsumitua dago, baina unibertso izan behar du; kulturak alderdietatik aparte behar du; helburua irabaztea da; eta borroka bat balitz bezala lan egitea».

‘Jakin’-eko Xabier Eizagirrek tesiaren aurrekariak eta testuingurua azaldu ditu. Orwellen urtean heldu zion Joan Mari Torrealdaik zentsura ikertzeari, 1984an. Arrazoi intelektualek zein pertsonalek eraman zuten horretara. Izan ere, aldizkarian zentsura bete-betean ezagutu zuen. 1967an zuzendari izendatu zuten, eta 1969an hedabidea itxi zieten Madriletik. «Zentsura aztertzea bere belaunaldiari justizia egiteko modu bat bezala» ulertzen zuen.

Tesia «zirkulu zentrokideetan» antolatua dagoela esplikatu du Eizagirrek. Hiru aldi nagusi bereizten dira: 1936-55, 1956-75 eta 1975-83. Euskal kulturari eragiten dion giroa aztertzen du, ekoizpen editoriala zein izan den, eta txostenak berak».

«Inkisizio bat izan da»

Zentsuraren desertua neurtezina den arren, datu batzuk ematen ditu. Adibidez: 1935ean 45 bat liburu argitaratu ziren euskaraz, eta 60ko hamarkadaren amaiera aldera arte ez zen lortu berriz kopuru horretara iristerik. «Gurekin egin dutena inkisizio bat da», esan zuen.

Tesia bukatu zuenean, 1991n, dibulgatzeari ekin zion, eta hainbat liburu atera zituen tesiaren edukiekin. ‘El libro negro del euskera’ (Ttarttalo, 2018) eta ‘De la hoguera al lápiz rojo’ (2019, Txertoa), bertzeak bertze.

Josu Bijuesca Basterretxea Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak ere eman ditu Torrealdairen lanaren gako batzuk. Errate baterako, zentsuraren larriena jaio gabe gelditzen dena dela zioen idazleak. «Hizkuntza osoki jotzen duen zentsura. Gauzak aurrez aurre aipatu beharrean, zeharka aipatzera daramana».

Mari Jose Olaziregi EHUko MHLI ikertaldeko ordezkariak kronika bat egin du Torrealdairi aitortza akademiko eta zientifikoa egiteko helburuarekin. Hiru liburu argitaratu dituzte ikertaldean bere lanaren ildotik, eta hori kontatu du, omenaldi sentitua egitearekin batera.