INFO

Unai Lekerika atzelariak hiru hilabete eman beharko ditu kantxetatik at

Gernikarrak Bilbo Iron Cup txapelketako lehen jardunaldian hartu zuen min eta bi tendoi haustura ditu eskuin besoan.

Unai Lekerika sasoi bikainean zen min hartu arte. (ERAMAN JAI ALAI)

Unai Lekerika gernikarrak, egungo Jai Alai Leagueko rankingeko atzelaririk onenak, hiru hilabete eman beharko ditu kantxetatik kanpo, egin berri dioten erresonantzi magnetikoak haustura partziala erakutsi baitu bere eskuin besoko bi tendoitan. Zehatzak izate aldera, bizeps-ean bata eta sorbaldan bigarrena.

Unai Lekerikak Bilbo Iron Cup txapelketako lehen jardunaldian hartu zuen min, maiatzaren 3an, Bilboko Deportivon. Xabier Barandikarekin bikote osatzen ari zela, Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzearen aurka, lehen jokoko atsedenaldiaren ostean mina nabaritu zuen eskuin besoan eta partida bertan behera utzi behar izan zuen, markagailuan hamairuna zirela.

Lesioaren larritasuna ikusita, medikuek bi aukera jarri zizkioten mahai gainean gernikarrari, hilabeteko tratatmendua –hala egin zuen iaz beste lesio batekin, baina berriz ere min hartzeko aukerak handiagoak dira– edo jarrera kontserbadoreago bat, tratamendua hiru hilabetera luzatuz, baina erabat osatzeko askoz berme handiagoarekin. Lekerikak azken aukera hau lehenetsi du eta udan sasoiko itzultzea espero du.

5.520 punturekin, gernikarra da, oraingoz, Jai Alai Leagueko atzelaririk onena, eta kontuan izan behar da puntu horiek batzeko ez duela txapelketa bakarrean ere txapel guztiak jantzi dituen Aritz Erkiagarekin partidarik jokatu. Bilbon, bigarren jardunaldian Gorka Mugartegi, Atainek, ordezkatu zuen Lekerika eta Laduche-Manciri irabazita, oraindik aukerak dituzte markinarrak eta Barandikak.