INFO

Ostalaritzak «inoizko emaitzarik onena» lortu zuen 2022an Eustaten arabera, %21,7ko igoerarekin

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak 2022an ostalaritza sektoreak hazkundea izan duela azaldu du, %21,7koa hain zuzen ere. Ostalaritzaren jarduerak izandako bilakera ona enpleguaren %5,5eko hazkundean ere islatu zen.

2022an ostalaritzako emaitzak aspaldiko onenak izan dira. (Marisol Ramirez | FOKU)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritza sektoreak %21,7ko hazkundea izan zuen 2022.urteko jardueranen emaitzan, eta horrela, erkidegoko serie historikoaren «emaitzarik onena» lortu du. Edonola ere, negozio zifra 3.992,5 milioi eurokoa izanik, 2019an erregistratutako 4.500 milioi euroen azpitik dago oraindik, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

Ostatu zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak eta janari eta edari zerbitzuak eskaintzen dituztenak biltzen ditu sektoreak, eta 2022an 291,4 milioi euroko irabazia lortu zuen, termino nominaletan, diru sarreren eta gastuen artean, mozkinen gaineko zerga deskontatu ondoren.

Funtsean, negozio zifraren portaerari zor zitzaion emaitza, %25,7ko igoerak 2021ean izandako %33,9ko igoera sendotu baitzuen, eta 2020an covid-19aren pandemiak zigortutako sektorearen susperraldi argia erakutsi zuen, urte horretan negozio zifra ia erdira jaitsi baitzen (-% 47,4).

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritzaren jarduerak 2022an izandako bilakaera ona enpleguaren %5,5eko hazkundean ere islatu zen. Horrela, 3.262 pertsona gehiago zenbatetsi ziren, 62.406 lanpostura iritsiz, 2020an eta 2021ean %5,6ko eta %2,3ko murrizketak izan ondoren, hurrenez hurren.

Igoera horren ondoren, 2022an enpleguaren bigarren erregistrorik onena lortu zen, 2019an 64.000 pertsona enplegaturen marka lortu ondoren. Hori guztia establezimendu kopurua egonkor mantenduz lortu zen, 13.420 guztira, %0,1eko igoera txikiarekin.

Ostalaritza enpleguak gora

Gastuei dagokienez, hornikuntzek zein langile gastuek igoera handiak izan zituzten, %23,1ekoa eta %22,1ekoa, hain zuzen, baina, negozio zifrarekin gertatu bezala, balio absolutuetan pandemia aurreko zifren azpitik.

Lurralde bakoitzaren bilakaera aztertzean, adierazle guztien joera orokor positiboaren barruan, ezberdintasunak izan ziren lurralde bakoitzari eragiten zioten intentsitatean. Ildo horretan, jardueraren emaitzaren kasuan, Bizkaian %27 igo zen, Gipuzkoan %20,4 eta Araban %6,5. Era berean, negozio zifrak gora egin zuen hiru lurraldeetan, baina erritmo txikiagoan Araban (%22,4), Bizkaian (%25,3) eta Gipuzkoan (%27,5) baino.

Enpleguari dagokionez, Araba beste bi lurraldeen batez bestekoen artean kokatu zen. Gipuzkoan, ostalaritzako enplegua nabarmen hazi zen 2022an (%8,4), Araban %5,9 eta Bizkaian %3,3.

Azkenik, establezimenduen kopuruak ez zuen ia aldaketarik izan erkidego osoan (%0,1), baina lurraldeetan aldeak izan ziren: Araban %0,7 hazi zen establezimendu kopurua, eta Gipuzkoan %0,5; Bizkaian, berriz, %0,4 gutxitu zen.