INFO

Zornotzako emakumeen kartzelari buruzko ‘Ikusezinak’ dokumentala egin dute

‘Ikusezinak’ dokumentala ostiral honetan estreinatuko dute Zornotza Aretoan. Herrian frankismo garaian zegoen emakumeen kartzelari buruzko ikus-entzunezkoa da, ahaztutako andre horiei aitortza egitea eta memoria historikoa lantzea xede duena.


Zornotzan frankismo garaian egon zen emakumeen kartzelari buruzko dokumentala egin dute, ‘Ikusezinak’, eta ostiral honetan izango da estreinaldia, Zornotza Aretoan. Dokumentala Baleukok ekoitzi du eta emakumeen kartzelan egon ziren andrazkoen bizipenak jaso ditu. Memoria Historikoaren Astearen baitan antolatu dute estreinaldia, frankismoak preso hartutako emakumeak omentzea helburu. Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik egindako dokumentala da eta azaldu dute «memoria historikoa berreskuratzeko ahalegin» bat dela, baita «aitormen» modu bat ere.

Preso egon ziren emakumeen senideen testigantzak jaso dituzte dokumentalean, baita historialarienak eta gaian adituenak ere. Espainiar Estatuko hainbat puntutatik ekarri zituzten andrazkoen kartzelara presoak eta ikus-entzunezkoan Toledoko Tembleque herriko Angelina Gonzalezen testigantza jaso dute, besteak beste. Ama preso izan zuen eta gogoan du hark kartzelatik bidaltzen zizkion gutunak eta kantatzen zizkion abestiak.

Askotariko erabilerak eman izan zaizkio eraikinari: 1939tik 1940ra bitarte odol ospitalea izan zen, ondoren emakumeen espetxe eta gaur egun El Carmelo ikastetxea da. Guztira, 1.200 emakume igaro ziren kartzelatik, asko haien haurrekin, eta 42 emakume eta 6 ume hil ziren bertan.

Historialariek diotenez, gosea eta gehiegizko populazioa nagusi ziren eta osasun baldintzak guztiz onartezinak ziren. Hori dela eta, preso hartutako emakumeek ‘Bizien hilerria’ deitzen zioten Amorebieta-Etxanoko kartzelari, Ascension Badiola Ariztmuñok ‘Individuas Peligrosas. La Prisión Central de Mujeres de Amorebieta (1939-1947)’ liburuan jaso zuen moduan.

Hausnarketarako eta aitortzarako ekitaldia

‘Ikusezinak’ dokumentalaren estreinaldia ostiralean, hilak 17, egingo dute eta bertan izango dira kartzelatik igaro ziren emakumeen senideak. Datorren astean emango dute Zornotza Aretoan, sarrerak doakoak izango dira eta online edo txarteldegian eskuratu daitezke. Lehen emanaldia astelehenean izango da, maiatzaren 20an, 18.00etan; bigarren saioa hilaren 23an emango dute, 20.00etan.