INFO

Nola babestu nerabeak interneten duten jarduera ezkutatzen badute?

Gurasoen kezka handietako bat izan ohi da beren seme-alabek interneten eta sareetan duten jokabidea kontrolatzea eta horrek ekar ditzakeen arriskuak ekiditea. Baina ikerketa baten arabera, nerabeen ia %60k ezkutatu egiten die jarduera hori gurasoei. Nola babestu zertan dabiltzan ez badakite?

McAfeeren inkestak argi erakusten du etxe askotan gurasoek ez dakitela zer egiten duten beren seme-alabek sarera konektatzen direnean. (Dima BERLIN | GETTY)

Nerabeen erdiek baino gehiagok, zehazki %59k, interneten duten jarduera ezkutatzen dute: nabigazio-historia garbitzen dute, gurasoak gertu daudenean esploratzailea ixten edo ezkutatzen dute, txat mezuak eta bideoak ezabatzen dituzte, izena ezkutatuz nabigatzen dute, gurasoek kontrolatzen ez duten gailu bat erabiltzen dute, eta interneten duten jardueraz ez dute hitz egiten familia-elkarrizketetan edota zuzenean gezurra esaten dute. "Life Behind the Screens of Parents, Tweens, and Teens: McAfee 's Connected Family Study" inkestaren ondorioetako bat da, argi erakutsiz etxe askotan gurasoek ez dakitela zer egiten duten beren seme-alabek sarera konektatzen direnean.

Adituak ez dira harritzen datu horien aurrean, eta argi dute logikoa dela nerabeek interneten egiten dutenari buruz xehetasunik ez ematea gurasoei, baina horrek suposatzen du ziberjazarpenaren, interneteko kontuen lapurretaren edota datu pertsonalen baimenik gabeko erabileraren aurrean babestuta egon behar dutela. Bereziki, McAfeeren txostenean agertzen diren datuak kontuan hartzen badira. Izan ere, 10-14 urteko gaztetxoen %36k diote haien benetako nortasuna ezagutzen ez duten pertsonekin hitz egiten dutela internet bidez, eta kopuru hori %41era igotzen da 15-16 urtekoen artean.

«Seme-alabak gurasoak baino adituagoak dira teknologiaren erabileran, eta horrek ondorio objektibo bat dauka: gurasoek ez dakite nola kontrolatu seme-alabek teknologiari ematen dioten erabilera», dio Albert Jove Universitat Oberta de Catalunya-ko (UOC) Informatika, Multimedia eta Telekomunikazio Ikasketetako irakasleak. «Eskola-jazarpenari, phishing-ari edo iruzurrei buruzko etengabeko albisteek, askotan adingabeen suizidioak areagotzea bezalako ondorio lazgarriekin, gizartea asaldatu besterik ez dute egiten, eta zer egin dezaketen galdetzen diote gurasoek beren buruari», gehitu du.

Bere ustez, ez dago arazo hori konpontzeko formula magikorik edo hartu beharreko neurrien errezeta-liburu miragarririk, baina posible da arriskuak murrizteko jarrerak izatea eta neurriak hartzea. «Neurri teknikoak oso beharrezkoak dira, baina hortik haratago, zentzuzko jokabideak eduki behar dira eta horiek seme-alabei ongi helarazi, edozein gertakariren aurrean babestuta sentitu behar dute», adierazi du Jovek. Gomendio hauek egin ditu:

Lehen araua: hitz egin

Adingabeak babesteko, interneterako eta sare sozialetarako sarbidea debekatu gabe, adituen lehen aholkua konfiantzazko harremana ezartzea da. «Gurasoek ez dute polizia izan behar (‘kolegak’ ere ez), aurre egin beharreko erronken aurrean laguntzen dieten pertsonak baizik. Nerabeek ziur jakin behar dute, akatsen bat egiten badute, gurasoekin hitz egin dezaketela eta gurasoek arazoa konpontzen lagunduko dietela», adierazi du Jovek. Kasperskyk egindako "Linean egotea: haurrak eta gurasoak Interneten" txostenaren arabera, galdetutako gurasoen %75,5ek dio hainbat aldiz hitz egin duela bere seme-alabekin interneteko segurtasunari buruz, baina oraindik ere ehuneko handi batek (%24,5) aitortzen du ez duela inoiz halakorik egin.

Prestakuntza

Adituek funtsezkotzat jotzen duten beste gomendio bat interneteko segurtasunari buruzko ezagutzak izatea da. «Gurasoak prestatu egin behar dira, seme-alabak non sartzen diren jakin behar dute. Adituak izan ez arren, arriskuak hobeto baloratu ahal izango dituzte», adierazi du UOCeko irakasleak. Oraindik gainditu gabeko ikasgaia da, Lingokidsek egindako ikerketa baten arabera, gurasoen %54k onartzen du teknologia eta segurtasunari buruzko ezezagutza handia duela.

Eredu izan

Gurasoak koherenteak izatea eta eredua ematea ere funtsezkoa da Albert Joveren iritziz, argazkiak une oro sareetan igotzen ez ibiltzea edo etxean internetetik deskonektatzen jakitea, adibidez.

Begirada kritikoan heztea

Ikuspegi kritikoa ematea, adingabeei azalduz zerbait interneten argitaratuta egoteak ez duela esan nahi egia denik. Horrek ere nerabeak arrisku potentzialetatik babesten laguntzen du. Horregatik, UOCeko irakasleak adingabeei iturriak kontrastatzen irakastea gomendatzen du, ahal den neurrian. "IKTak eta nerabeen sozializazioan duten eragina" izeneko azterlanaren arabera, 14 eta 16 urte bitarteko pertsonen %22,5ek baino ez du aitortu albiste bat benetakoa den ala ez ulertzeko eta detektatzeko prestakuntza jaso duela.

Bizitza errealeko prekauzioak

McAfeeren ikerketak azaleratu zuen haurren %15ek kontu lapurreta saiakeraren bat sufritu izan duela. Egoera hori saihets liteke seme-alabei euren datuak babestearen garrantzia azalduz. «Kalean ezezagunei ez dizkiegu gure datuak ematen, eta ez diegu non bizi garen esaten. Sarean ere ez. Bizitza errealean digitalean ere hartu behar ditugun neurriak hartzen ditugu», gogoratu du Albert Jovek. Gurasoek seme-alabei horrelako adibideak jartzea eta irudikatzea gomendatzen du adituak, ematen duten informazioarekin zuhur jokatzeko.

Segurtasuna gailuetan

Oinarrizko beste arau bat gailuetan segurtasun-tresnak erabiltzea da, antibirusetik hasi eta guraso-kontrolerako softwareetara, pasahitzen kudeatzaileak, VPNak... «Antibirusen fabrikatzaile gehienek dagoeneko saltzen dituzte babesteko soluzio integralak», gogorarazi du UOCeko irakasleak. Kasperskyren ikerketaren arabera, gehien erabiltzen diren tresnen artean guraso-kontrolerako aplikazioak daude, gurasoen %48k erabiltzen dituztenak.

Informazio sentikorra

«Argazki 'ausart' bat inoiz ez dela erabat desagertuko jakin behar dute gurasoek, eta hori nerabeei jakinarazi behar zaie, eduki edo informazio sentikorrak gaizki erabiltzeak zer ondorio dituen jakin dezaten», ohartarazi du Jovek, eta gaineratu du garrantzitsua dela arreta jartzea adingabeek argitaratzen dutenari, zer kontaktu dituzten eta zer erabiltzaile-izen erabiltzen duten jakiteko.

Mehatxuen ohartarazpena

Azkenik, oso garrantzitsua da nerabeek mehatxuen aurrean nola jokatu behar duten azaltzea. Egoera horietan, irakaslearen gomendioa da mezu mehatxagarriei, jazarleei edo deserosoei ez erantzutea, eta seme-alabei argi uztea egoera horien berri eman behar dietela ahalik eta azkarren, laguntza eman diezaieten.