Larrazabalek eta Asier Agirrek jokatuko dute B serieko Buruz Buruko finala
Nafarrak (22-19) irabazi zion Egiguren V.ari oso partida gogorrean eta etxean aritu zen Larrazabalek, aldiz, erraz irabazi zion Salaberriari (22-8).
Binakakoan gertatu zen bezala, Asier Agirre eta Iker Larrazabal elkarren aurka arituko dira hurrengo larunbatean Labriten jokatuko den B-Serieko Buruz Buruko finalean, oso finalerdi desberdinetan, Iker Egigureni (22-19) eta Salaberriari (22-8) Amurrion gailenduta.
Finalerako txartela etxean jokatzeko aukera izan zuen Iker Larrazabalek eta, lehen tantuetan partida orekatuta joan zen arren, erraz xamar lortu zuen garaipena. Salaberria 3-1 eta 5-2 aurreratu bazen ere, aurrelari arabarrak laster erakutsi zuen pilota astintzeko askoz gaitasun handiagoa duela, sakez ere min handia egin zuen eta laster hautsi zuen partida Baikokoak bere aldera. Partida guztian zehar erabat dominatu zuen goizuetarra eta merezimendu osoz lortu zuen garaipena.
Ezin borrokatuagoa
Bigarren finalerdiak ez zuen lehenaren inolako antzik izan eta Asier Agirre eta Julen Egiguren kantxan hustu ziren 430 pilotakadako partida ezin lehiatu eta borrokatuago batean. Aurreko partidan ez bezala, bigarren lehia honetan ez zen apenas takada handirik izan, bietako inork ezin izan zuen partida bere aldera hautsi eta berdinketak ugariak izan ziren partida osoan zehar, azkena hemezortzina.
Azken txanpan, ordea, Baikoko nafarrak defentsarako eta kantxan sufritzeko gaitasun hobeak erakutsi zituen eta finalerako txartela eskuratu ahal izan zuen, finalerako estilo talka erakargarri bat utziz. Binakakoan Arrotxapeakoak sekulako erakustaldia eman zuen Iztuetarekin txapela janzteko eta ziur Larrazabalek orduko arantza atera nahi izango duela, hurrengo urtean onenen artean aukera bat izateko.