INFO

Greenpeacek ere auzitegietara eraman du Urdaibaiko Guggenheimen proiektua

Greenpeace erakundeak ere auzitegietara jo du Urdaibaiko Biosferaren Erreserban eraiki nahi duten Guggenheim Museoaren proiektuaren aurka, Kostaldeen Legea urratzen duela uste baitu. Zehazki, itsasertzaren babesa 100 metrotik 20ra murrizten duen agindua salatu du.

Murueta ontziolaren instalazioak, Urdaibain. Bertan eraiki nahi dute Guggenheim Museoaren egoitzetako bat. (NAIZ)

Greenpeacek jakinarazi duenez, Urdaibaiko Guggenheim Museoaren bi egoitza berriak eraikitzeko proiektua salatu du auzitegietan, Kostaldeen Legea urratzen duela uste baitu. Zehazki, itsasertzaren babes eremua 100 metrotik 20ra murrizten duen Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren Agindua salatu du.

Urdaibaiko proiektuak bi egoitza eraikitzea aurreikusten du, horietako bat Muruetako ontziolan, nazioarteko babesa duten padurako lurretan. 

Erakunde ekologistak gogoratu duenez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban eraiki nahi dituzten museoaren bi egoitzak paduretatik 20 metrora eraikiko lirateke, «bere balio ekologiko handiagatik babestuta dagoen gune batean». Gainera, ohartarazi du, «guneak turistifikazioaren ondorioak jasango lituzke».

Horretaz gain, kritikatu egin du Trantsizio Ekologikoko Ministerioak aukera ematen diola ontziolari «lurzoruak deskontaminatzeko, daukan ardurari ihes egiteko».

Hori dela eta, Greenpeacek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri du ostegun honetan Muruetan itsasoko eta lurreko jabetza publikoaren babesa murriztea onartzen duen Ministerioaren Aginduaren aurka. Izan ere, agindu hori argitaratu arte, kostako babes zerrenda hori 100 metrokoa zen, baina orain 20 metrora murriztu da.

Hala, agindu horrek nazioarteko babes figura ugari dituen eremuan 61.000 m2 baino gehiagoko proiektu bat jartzeko aukera ematen duela gaitzetsi du, izan ere, gogoratu du, Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatuta dago; Oka ibaiaren estuarioa Hezeguneei buruzko Ramsar Nazioarteko Hitzarmenaren parte da; Mundaka-Gernika itsasadarra Nazioarteko Intereseko Hezegunetzat jotzen da eta Natura 2000 Sarearen barne dago. Figura horiek guztiek «eremuaren kontserbazio egoera handia mantentzeko betebeharra dakarte».

Greenpeaceren arabera, Guggenheimen proiektuak ez ditu kontuan hartuko babes figura horiek guztiak eta, gainera, «itsasertza babesteko zerrenda murrizten duen Ministerio Agindua botere desbideratzea da, Administrazioak ez duelako betetzen itsasoko eta lurreko jabari publikoa defendatzeko bere betebeharra».

«Espero dugu Ministerioak atzera pausoa ematea eta Kostaldeen Legea urratzen duen agindu hau kentzea. Urdaibaik Doñanaren ingurumen balio bera du, eta merezi du haren babesa errespetatzea. Gainera, kostalde zati oso txikia geratzen zaigu hain egoera berezian. Administrazioek eta Justiziak guk egiten dugun bezala babestu behar dute», nabarmendu du Lorea Flores Greenpeacek EAEn duen bozeramaileak.

Aurretik ere beste bi errekurtso

Greenpeacek baino lehenago, Guggenheim Urdaibai Stop eta Zain Dezagun Urdaibai plataformek ere auzitara jo zuten, itsasertzaren babesa murriztearen aurka. Gainera, azken honek Murueta ontziolaren emakida iraungitzeko eskatu zuen.

Bizkaiko Diputazioak eta Lakuako Gobernuak proiektuaz «bi urteko hausnarketa ragarri zuten urtarrilean, baina hala ere plataformek auziaren inguruan dagoen «opakutasuna» salatu dute behin baino gehiagotan.