INFO

Aitor Arangurenek beste bi urterako luzatu du kontratua Baikorekin

Aginagarrak sei urte bete ditu Baikon eta aukera berri hau hobetzen jarraitzeko baliatu nahi luke.

Aitor Aranguren, Binakako txapelketako partida batean pilota astintzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Aitor Aranguren atzelari aginagarrak beste bi urterako sinatu du kontratua Baiko enpresarekin eta, gauzak ondo, gutxienez zortzi urte emango ditu Bilboko enpresarekin jokatzen. Pilotari gipuzkoarrak 2018ko ekainean egin zuen debuta Tolosako Beotibar pilotalekuan profesional bezala eta, pixkanaka-pixkanaka, maila berrira ohitu eta bere lekua egin du, azken lau urteetan Binakako txapelketan titular gisa arituta Artola, Urrutikoetxea, Jaka eta Unai Lasorekin bikotea osatuta.

Gaur bertan sinatu du ber lan hitzarmen berria eta enpresak jasotako adierazpenetan azaldu duenez, eman dioten aukera berri hau, orain arte bezala, hazten jarraitzeko erabili nahiko luke. «Gustura nago, sei urte daramatzat enpresan, beste  bi egin behar ditut ea aprobetxatzen dudan aukera hau, goraka  joaten naizen eta maila on bat hartuta, beste urte batzuk  jarraitzen dugun», adierazi du aginagarrak.

Beraz, atzelari gaztea pilotariek datorren astean hartuko dituzten oporretara lasai joateko moduan izango da, baina aurretik, larunbat honetan bertan estreinatuko du lan hitzarmen berria, Urdulizen arituko baita, Bizakaia Torneoaren lehen kanporaketan. Ganekogorta taldearen partaide bezala, Buruz Buruko partida jokatzea dagokio Kolitzaren ordezkari Zubizarreta III.aren aurka. Atzelaria izanagatik, ondo moldatzen da buruz buru jokatzen. Jaka izango da Kolitzaren ordezkaria lau eta erdian eta Asier Agirreren aurka arituko da eta Urrutikoetxea-Albisu eta Artola-Imaz izango dira binaka lehiatuko direnak.

Mariezkurrena bueltan

Enpresek gaur bertan eman dituzte jakitera, baita ere, igandeko finalaren atarikoan arituko diren bikoteen izenak. Asperen aldetik Ezkurdia-Martija arituko dira eta Baikon Peña II.a-Mariezkurrena. Era honetan, Berriozarrekoa kantxetara itzuliko da, azken asteetan min hartuta ibili eta gero. Partidaren ostean, Unai Lasoren botilero lanak egin beharko ditu Buruz Buruko final handian.