INFO

Europako instituzioetatik euskararentzako «babes egitura handiagoak» eskatu ditu EH Bilduk

Europar instituzioetatik euskararentzako «babes neurriak» eskatu ditu EH Bilduk eta, horregatik, hauteskunde ostean euskal hizkuntzari «merezi duen tokia» ematearen alde agertu da.

Europako instituzioetatik euskararentzako «babes egitura handiagoak» eskatu ditu EH Bilduk Antiguan, Txillardegiren horma-irudiaren aurrean. (EH Bildu)

Euskararen eta euskal kulturaren gaiari heldu dio EH Bilduk, gaur goizean, europar hauteskundeen kanpainaren baitan Donostiako Antigua auzoko Gaskuña plazan dagoen Txillardegiren horma-irudiaren aurrean egin duen ekitaldian. Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramaileak eta Alex Aginagalde hautagaiak eta Pantailak Euskaraz plataformako kideak hartu dute hitza.

Hauteskunde zita berri hau «euskara eta Euskal Herria defendatzeko» aukera bezala ulertzen ditu Iriartek. «Euskal Herrian ondo dakigu gure bizitzan zehar behin baino gehiagotan ekimena hartu behar izan dugula gurea dena defendatzeko. Gure hizkuntza, euskara, sarri izan da gure aldarrikapen nazionalen arrazoietako bat».

Euskara bezalako hizkuntza baten gain Europako instituzioetan hartzen diren erabakiek duten garrantzia nabarmendu du Gipuzkoako bozeramaileak. «Euskara, gure hizkuntza, Europako hizkuntza zaharrena, makina bat aldagaik baldintzatutako egoeran bizirautera behartuta dago. Gero eta globalizatuagoa den munduan, gurea bezalako hizkuntza minorizatu batek babes egitura handiagoak eskatzen ditu».

Horregatik «Europako instituzioetan ere» euskal hizkuntzari «merezi duen tokia» ematearen alde agertu da.

Zentzu berean mintzatu da Aginagalde. «Euskaldunok ondo dakigu gu ez garen beste batzuk hartutako erabakiek zenbat baldintza dezaketen gure hizkuntzaren egunerokoa. Ondo dakigu instituzioetan, Euskal Herrikoetan zein kanpokoetan, hartzen diren erabakiek euskararen etorkizuna baldintzatu dezaketela».

«Euskara ez da museotan erakusteko zerbait»

Horregatik, honek ere, «babes neurriak» eskatu ditu. «Etengabeko iraultza digitalak baldintzatutako mundu batean bizi gara. Euskal Herrian bizi diren haur eta nerabeak pantailaz inguraturik jaio eta bizi dira. Eta pantaila horietan euskara ez badago, euskara arriskuan dago», gehitu du Pantailak Euskaraz plataformako kideak.

Honela, euskarazko ikus-entzunezko materialaren beharra nabarmendu du. «Euskara ez da museotan edo kristalezko kutxetan erakusteko zerbait. Euskara hizkuntza bizia da, eta horrela izan behar da. Horrek derrigor eskatzen du Interneten, sare sozialetan, ikus-entzunezkoetan… sendo egotea». Modu horretan, «administrazioan, lan munduan zein kalean euskara biziberritzeko beharrezkoa da Euskal Herri luze zabalean, eta baita Europar Batasunean ere, euskara hizkuntza ofiziala izatea», aldarrikatu du.