INFO

Erlaitzeko errepidearen itxiera errespetatuko ez dutenek isunak jaso ditzakete

Hendaia eta Ziburu artean igarotzen den RD912 errepidea maiatzaren 21az geroztik hetsia da eta bideak horrela jarraituko du ekainaren 7ra arte. Kostako higaduraren ondorioak neurtzeko harturiko erabakia errespetatuko ez duten herritarrek isunak jaso ditzaketela oharrarazi dute gaur erakundeek

Kostako higadurari buruz informazioa emateko afitxak ezarri dituzte Erlaitzeko Errepiderako sartu-irteeretan. (Patxi BELTZAIZ)

Urteak dira adituen txostenek kostako higadurak itsaslabarraren ondotik igaro diren bidexka eta errepideetan duten eraginaz ohartarazten dutela. Azken urteetan, konponketak tartean, behin baino gehiagotan itxi behar izan dute Hendaia eta Ziburu artean igarotzen den RD912 errepidea.

Izan ere, apirilaren 12an beste erabakia hartu zuten erlaitzeko errepidearen etorkizunaz arduratzen diren herrietako ordezkariek.

Biriatu, Ziburu, Hendaia, Urruña eta Donibane Lohizuneko udaletako ordezkariek parte haru zuten Estatuaren, Pirinio Atlantikoko Departamenduaren, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Mugikortasun Sindikatuaren arduradunekin batera kostako bidean itxiera esperimentala plantan emateko erabakia hartu zen bileran.

Alta, inguruan bizi diren herritarrek kezkaz hartu dute eguneroko joan-jinetan eragin handia izanen duen errepidearen itxierak eta beldur dira ea ez duten betirako bidea itxiko.

Zehazki, maiatzaren 21etik eta ekainaren 7ra arte garaiaren arabera batez beste 9.000 eta 16.000 auto egunero hartzen duen erlaitzeko errepidea itxita izanen da.

Itxieraren lehenengo astea bete ondoren, ordea, erakundeek oharra plazaratu dute errepidea baliatzeko debekua ez dituela hunkitzen autozaleak bakarrik oroitarazteko. Baita debekua errespetatzen ez duen orok isuna jaso dezakeela jakinarazteko.

Oinezko, zaldun eta txirrinduzaleei zuzendutako oharra

Itxiera ez dela ez soilik autoentzat zuzenduta baizik eta «kamioak, motorrak, bizikletak, zaldunak edota oinezkoentzat ere», zehaztu dute bide mitiko horren kudeatzaileek.

Maiatzaren 21eaz geroztik «Poliziak patruilak antolatu ditu jendeari informazioa emateko». Izan ere, aste honetatik aurrera «erlaitzeko bidea erabiliko duten zaldunek, oinzezkoek eta txirrindulariek» 35 euroko isuna jasotzeko arriskua hartuko dutela kostako errepidea hartu ez gero oharrarazi dute prentsa-ohar horretan.

«Arriskua saihetsiz, norberak bere buruaren zaintza hartzeko» deia berretsi dute erlaitzeko bidearen kudeaketaren ardura duten erakundeek.

Erlaitzeko bidea hetsia izanen den denbora tartean ibilbide eta garraio alternatiboak erabiltzeko deia zabaldu dute erakundeek, hala nola A63 autobidearen erabilpena hobetsiz edota auto partekatzeko ohitura sustatuz.

Bide batez trena eta autobus zerbitzuen maiztasuna hobetzeko asmoa agertu dute.