INFO

‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ idatzi du Unai Elorriagak, ipuinez osatutako eleberria

Bere arbasoa izan zen baina ezagutu ez zuen pertsona bat hartu du eleberria idazteko abiapuntutzat Unai Elorriagak, Francesco Pasquale. 20 atalez osatutako kontakizuna da, narrazio labur independienteak dira, baina osotasunean eleberri bat osatzen dute.

Unai Elorriaga, ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ liburua aurkezten. (Jon Urbe | FOKU)

Datu bakan batzuk eta hutsune asko zituen Unai Elorriagak argitaratu berri duen liburua idazten hasi zenean. Asteazken goiz honetan aurkeztu du Donostian ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ eleberria. Izenburuak adierazten duen bezala Francesco da eleberriko protagonista, Italiatik Bermeora migratutako gizon baten istorioa jasotzen du liburuak, hain zuzen ere Elorriagaren arbasoa izan zenarena. Nahiz eta berak ez ezagutu, liburua idatzi ahala bere «osaba» bihurtu dela aitortu du.

Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak kontatu du puzzle bat osatzen duela liburuak: «Francescoren arrastoari segika, XIX.mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Unai Elorriagaren zazpigarren nobelak». Eta 20 atalez osatuta dagoela esan du, «modu independientean» uler daitezkeen 20 narrazio dira; horietako 11 zuzenki Francescoren bizitzari buruzkoak dira; 3 kontakizun «apartekoak» dira, zeharkako lotura dutenak protagonistarekin; eta 6 biografia laburrak dira.

Izenburua erabili du Elorriagak bere liburuaren inguruko azalpenak emateko, «izenburu luzea da, luzeegia beharbada», aitortu du. Izenburuaren lehenengo zatia protagonistaren izena da: Francesco Pasquale. «Benetan existitu zen, gure arbasoetako bat da. Italiako Saprin herrixkan jaio zen, galdaragile famili bateko semea zen eta itsasoa zeharkatuta Bermeora iritsi zen, bertan sortu zuen familia eta bertan hil zen», laburbildu du.

Bere senideen arbasoa izan zen, baina ezer gutxi zekiten beraren inguruan, nahiz eta behin edo behin entzun izan zuen Italiatik migratutako arbaso bat zutela idazleak. 2016an Elorriagaren senide batek kontatu zion berak bazuela Francescoren inguruko informazio jasota: «Oso informazio gutxi zen, noiz jaio zen, noiz utzi zuen Italia Bartzelonara joateko, noiz ezkondu zen Bermeon, noiz izan zituen seme alabak… ikusi nuen mamia zegoela idazteko eta hausnarketarako».

Hutsuneekin osatu

Hutsune asko zituen eskuartean, «literatura bihurtu ditut hutsuneak» aitortu du, eta ohartarazi, nahiz eta datu errealetatik abiatu den guztiz fizkiozkoa dela argitaratutako lana. Bere ustez, hutsuneetatik asmatu dituen zenbait istorio hala gertatuak izango ziren arren. Abizena ere aldatu egin dio, izan ere «bortitzegia» iruditzen zitzaion bere laugarren abizena eta bere amaren bigarrena izenburura eramatea, horregatik Francescoren bigarren abizena eman dio protagonistari, Pasquale.

Atal bakoitzean bizitzaren zati bat kontatu du Elorriagak: «Atal bakoitza ipuin bat da, bere baitan ixten da, hasiera eta amaiera dute. Eta ipuin bakoitzean aldatu dut narratzailea, pertsonaiak, denborak, garaia.. dena aldatu dut». Aldi berean, guztiek bat eginik osotasuna ematen diotela uste du idazleak, eta horregatik dela bere iritziz eleberri bat kontatu du: «Oso eleberria da, etengabe gaude Francesco ikusten, eta atal bakoitzean ezagutzen dugu zerbait».

Izenburuaren bigarren zatiak ‘bosgarren arima’ dio. Bost zenbakiarekin duen harremana azaldu du lehendabizi idazleak: «Nire iruditegi propioan bostak badu pisua. Batetik, euskal kulturaren zenbaki magikoa izan da bosta; asko esateko modua zen lehen. Eta bigarrenik, Algortako hilerria Bosgarrena kalean dago, gure amak makal dagoenean hala esaten du: ‘laster joango naiz bosgarrenera’».

Arimak ere presentzia berezia du. Izan ere, Elorriagaren ustez gizaki bakoitzak lau arima ditu: haurtzarokoa, gaztarokoa, helduarokoa eta zahartzarokoa. «Bosgarrena da migratzaileen arima, migratzen duten pertsonek bosgarren arima bat behar izaten dute», azaldu du Italiatik Bermeorainoko bidaia azpimarratuz.

Idazlearen arima

Idazten hasi zenetik 27 urte igaro direla adierazi du, eta urteetan zehar badaudela «kontrolatzen» eta «ikasten» joaten diren gauzak, hala nola, narratzailea, ahotsa, tonua… baina badagoela kontrolatzen ez den zerbait: arima. Irakurleen erantzuna jaso hartu arima hori lortu duen zirutatzeko baina bere ustez urteetako ibilbidean bi liburutan lortu du arima hori, ‘SPrako tranbia’ liburuan eta argitaratu berri duen honetan.

Elorriagaren idazkera ekarri du aurkezpenean Lopez Ziluagak gogora, «lehen momentutik sumatuko dugu Elorriagak idatzia dela», eta bere mendebaldeko euskara eta «puntuazio modu soildua» azpimarratu ditu.