Uztailaren 1ean hasiko da EuskarAbenturaren bosgarren espedizioa
Bosgarren edizioa izango du aurten EuskarAbenturak; hilabete baino gutxiago falta da hasi dadin. Uztailaren 1etik 31ra bitarte Euskal Herria zeharkatuko dute 16 eta 17 urte arteko 127 gaztek.
Uztailaren 1ean hasiko da EuskarAbenturaren bosgarren espedizioa. Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urte arteko 127 gaztek Euskararen Lurraldea zeharkatuko dute oinez, uztailaren 31ra arte. Egingo dituzten 400 kilometroetan hainbat gai landuko dituzte, besteak beste, euskara batua eta euskalkiak, emakumea eta kirola, eta utopia.
Berrikuntzak dakartza bosgarren edizioak. Diasporatik etorritako gazte batek hartuko du parte, zehazki Peruko Cusco hiriburutik; Gaztea Irratiarekin egindako kolaborazioaren bidez, ‘ZI-ZA! lehiaketa’ erabili zuten lehen hautatua aukeratzeko.
Atharratzen hasiko dute espedizioa, Udalaren harrerarekin, Zuberoan iaz baino etapa bat gehiago eginda. Halaber, ikerketaren azken urtea da, EuskarAbenturaren xedea gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko beren jarreretan duen eragina aztertzea baita. Lau urtez luzatu da ikerketa eta aurtengoa azken behaketa espedizioa izanik, datu guztiak aztertu eta ondorioak ateratzea izango da hurrengo pausoa. Plazara elkarteak egingo du, Lakuako Gobernuak diruz lagunduta.
Berrikuntzen artean nabarmentzekoa da, gainera, aurten Ipar Euskal Herriko parte-hartzaile gehiago izango direla, iazko bikoitza, hots, 18 kide. Arabako kide bat gehiago ere izango da, 13 guztira.
Espedizioan askotariko errealitate liguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletako gazteek hartuko dute parte. Gehiengoa bizkaitarra da, 43 gazte baitatoz bertatik; 28 dira gipuzkoarrak, nafarrak, 24; lapurtarrak, hamar; baxenafarrak, sei; zuberoarrak, bi, eta arabarrak, esan bezala, 13, baita diasporako gazte bat ere. Taldearen %66,93 emakumezkoa da, badago pertsona bat ez bitarra dena eta gainontzekoak gizonak dira.
Ibilbidea
Aurten 27 herritan emango dute gaua, horietatik hiru orain arteko edizioetan lotarako erabili gabeak: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Auritz, Zubiri, Iruñae, Añana, Argantzon, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Beste hainbat herri ere zeharkatuko dituzte ibilbidean zehar.
EuskarAbenturan parte hartzen duten gazteekin batera 30 pertsonako lantaldea doa: bi koordinatzaile, hamar xerpa edo begirale, lau xerpa laguntzaile, bi xerpa buru, hiru mediku, bi erizain, bi gidari, euskara teknikari bat, bi argazkilari, kameralari bat eta komunikazio arduradun bat.