INFO

Euskaltzain oso izateko Jon Casenave proposatu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiaren maiatzeko Osoko Bilkura ospatu da ostiral honetan. Bertan, 21 ohorezko euskaltzain eta 9 urgazle berri izendatu dituzte. Euskaltzain oso izateko beraien hautagaia ere aurkeztu dute: Jon Casenave; ekainean egingo den bilkuran egingo da bozketa.

Jon Casenave, euskaltzain oso izateko hautagaia. (Euskaltzaindia)

Ostiral honetan egin du Euskaltzaindiak maiatzeko Osoko Bilkura Baionako Herriko Etxean. Bertan, Jon Casenave hizkuntzalari baionarra aurkeztu dute euskaltzain oso izateko hautagai gisa; Beñat Oihartzabal emeritu izatera igaro zen martxoan eta bere lekua hartzeko proposatu dute euskaltzainek Caseneva.

Bestalde 21 ohorezko eta 9 urgazle berri izendatu ditu Euskaltzaindiak ostiral honetan, aski ezagunak gehienak. Ohorezkoen artean aurki ditzakegu Mariasun Landa, Natxo de Felipe, Jose Ramon Etxeberria, Jose Mari Espartza edota Mentxu Peña. Ohorezko izendapena jaso ohi dute Euskaltzaindiak arloren batean nabarmendu eta ezagutzera eman nahi duten pertsonek.

Euskaltzain urgazleak berriz, euskararen arloren batean nabarmendu eta Euskaltzaindiak bere lanean lagun diezaion izendatutako pertsonak dira. Ostiral honetan bederatzi izendatu dituzte; Katixa Agirre, Miel A. Elustondo, Patxi Zubizarreta edota Inma Errea dira horietako batzuk.

Datorren ekainean Gasteizen egingo den Osoko Bilkuran egingo den bozketan jakingo da Oihartzabalen lekua Casenavek hartuko duen. Euskal Ikasketetan doktorea da eta Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua. Iker laborategiko kidea ere bada, eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003an.