Agirrezabala eta Simon lotuta, San Mameseko atea «ondo babestuta» dauka Athleticek
Unai Simonek 2029ra arte luzatu zuen kontratua joan den astean, eta Julen Agirrezabalak 2027ra arte berritu du. Mikel Gonzalez kirol zuzendaria oso pozik agertu da, eta nabarmendu duenez, Europako atezain bikote «onenetariko» bat dauka talde zuri-gorriak.
Athleticek «ondo babestuta» izango du atezain postua epe ertainera. Eurokopara joan aurretik, Unai Simon lotu zuen 2029ra arte eta gaur Julen Agirrezabalak 2027ra arte luzatu duela kontratua jakinarazi du. Mikel Gonzalez kirol zuzendariak klubak bidalitako adierazpenetan azpimarratu duenez, albiste oso pozgarriak dira Athleticentzat. Bere esanetan, Europako atezain bikote «onenetarikoa» osatzen baitute.
🔒 San Mameseko atea...
— Athletic Club (@athletic_eus) May 31, 2024
…esku onenetan. #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/bmUFHUHeZB
Gainera, oraindik gazteak dira. Unai Simonek 27 urte egingo ditu ekainaren hasieran, eta Julen Agirrezabalak 23 urte ditu. Errenteriako atezainak onartu du lehia «sutsua» daukatela atezain postuan, baina uste du bientzako ona dela. «Athleticen atea ondo zainduta dago», azpimarratu.
🎙️ @mikel_gonzalezz
— Athletic Club (@athletic_eus) May 31, 2024
"Atea oso ondo babestuta daukagu, Europako onenetarikoa da"
"Unai eta Julen asko hazi dira elkarrekin eta Athleticen arrakasten parte izan dira"#AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/HYnTYmeMr4
Mikel Gonzalezek ere antzeko hitzak erabili ditu bi atezainen arteko lehiakortasun hori taldearentzat ona dela azaltzeko. Simon izan da atezain titularra Ligan eta Zamora garaikurra irabazi du. Agirrezabala, berriz, Kopako garaipenaren ikurretako bat izan da. Gutxiago jokatu arren, maila bikaina duela erakutsi baitu.
Datorren denboraldian Athleticek lau txapelketetan parte hartuko du. Izan ere, Liga eta Koparekin batera Europa Ligan eta Superkopan arituko da. Partida gehiago egongo dira; beraz, jokatzeko aukera gehiago. Agirrezabalak argi dauka orain arte moduan, gogor entrenatzen jarraitu beharko duela ahalik eta partida gehien jokatzeko.
🎙️ #Agirrezabala2027
— Athletic Club (@athletic_eus) May 31, 2024
"Kopa ikagaragarria izan da, baina ezin gara hor geratu"
"Datorren urtean erronka oso garrantzitsuak ditugu hainbat txapelketatan"
"Unairekin lehiatzea ona da, oso osasuntsua, elkar estutzeko balio du. Athleticen atea ederto zainduta dago" pic.twitter.com/blypKk7d8N
2027ra arte, gutxienez
Julen Agirrezabala atezainak gutxienez 2027ko ekainaren 30era arte jarraituko du Athleticen, eta taldeak alde bakarretik beste bi urte luza dezake kontratua, 2029ra arte. Errenteriako atezain gaztearentzat kontratu berritzea «aurrerapausu» bat da bere kirol ibilbidean, eta «gehiago» nahi duela gaineratu du.
Talde zuri-gorriak ondo zainduta izango du San Mameseko atea datozen denboraldietan, Unai Simonek 2029ra arte berritu baitzuen kontratua joan den astean.
🎶 𝓙𝓾𝓵𝓮𝓷 𝓲𝓼 𝓸𝓷 𝓯𝓲𝓻𝓮... pic.twitter.com/cwJnB8Uzb1
— Athletic Club (@AthleticClub) May 31, 2024
Athleticek bere webgunean jakinarazi duenez, Agirrezabalaren kontratu berriaren sinadura ostiral honetan egin da San Mamesen, Jose Angel Iribar, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez futbol zuzendaria bertan zirela. Klubetik aipatu dutenez, data sinboliko batean sinatu da berritzea: gaur 44 urte bete baitira Athleticen eta Realaren arteko derbian Iribar omendu zutela.
Julen Agirrezabala Antiguoko taldetik iritsi zen Lezamara gaztetan eta dagoeneko 36 partida jokatu ditu Athleticekin. Erdia baino gehiago Kopakoak izan dira 20, eta «esperientzia emankorrak» bizi izan ditu lehiaketa horretan lehen taldean daramatzan hiru denboraldietan: bi finalerdi jokatu ditu eta, aurten, Mallorcaren aurkako finalean «erabakigarria» izan zen, 120 minutuetan zehar taldea mantentzeko geldiketa bikainak eginez eta penaltien txandan Morlanesi jaurtiketa geldituz.