Bera Bera, Ligako txapeldun eta tripletea poltsikora
Bera Berak denboraldi bikaina sinatu du, Superkopa, Kopa eta orain Liga irabazita. Iazko arantza kentzea lortzeaz gain, donostiarrek agur goxoa egin ahal izan diete taldea utziko duten zenbait jokalariri: Aalla eta Fernandes atezainak, Mariane Fernandes, Cavo, Loidi, Boada eta Lydia Blanco.
2023ko irailaren 9a: Iberiar Superkopa. 2024ko maiatzaren 12a: Kopa. 2024ko ekainaren 1a: Liga. Super Amara Bera Beraren denboraldia hiru lorpen hauekin laburbildu liteke. Baina ez. Saria, garaipena, txapeldun izatea atzetik egiten den lan gogor eta handi baten emaitza besterik ez da. Eta horretan, donostiarrak hiru aldiz dira merezitako txapeldun. Larunbat honetan Elxekin 27-27 berdindu dute denboraldiko hirugarren garaikurra altxatzeko. Bere historiako bederatzigarren Liga da, azken bost urteetan lortzen duen laugarrena.
Esan dezakegu Super Amara Bera Berak Orkestra Sinfoniko bat bezala funtzionatu duela sasoi honetan eta, tripletea lortuta, beste hiru instrumentu bereganatu dituela etorkizunean musika ederra egiten jarraitzeko. Maddi Aalla, Bera Berarekin jokatzen zuen azken neurketan, bikain aritu da eta titulu honen parte handi bat berea da.
Gauzak nola diren. Iaz, Bera Berak lider bezala amaitu zuen liga erregularra, 22 partidetan 19 garaipen, berdinketa bat eta bi porrot eskuratuz. Baina, ondoren, play-offetan, finalerdietan geratu zen kanporatuta Elx gaurko aurkariaren aurka. Aurten, ordea, donostiarrek hirugarren amaitu dute lehen fasea, 16 garaipen, lau berdinketa eta bi porrotekin. Baina, iaz ez bezala, aurten, momentu garrantzitsuenetan, bere benetako maila ematen jakin dute. Hortxe dago adibidea: Superkopan penaltietan irabazi bazuten ere, “etxeko” Kopan aurkarien gainetik pasa ziren eta orain Ligan gauza bera egin dute. Iazko arantza kentzea lortu dute, eta nola!
Gainera, etapa bikain baten amaiera izan daitekeela esan liteke. Izan ere, jakina da taldeko zenbait jokalarik ez dutela datorren denboraldian Donostian jarraituko: Maddi Aalla –Gorlizkoak sekulako partida egin du eta bere azken geldiketak luzapena ekidin du– eta Alice Silva atezainekin hasi, Mariane Fernandes brasildarra eta Malena Cavo argentinarrekin jarraituz, eta June Loidi elgoibartarra, Emma Boada katalana eta Lydia Blanco kantabriarrarekin amaituz.
Jokalari batek, bere ibilbidean zehar, agurrik hobeagorik ez luke izango. Hauek guztiek euren profesionaltasuna erakutsi dute pistan eta lasai asko agur esango dute.
Elx, ezer ez galtzeko
Gaurko neurketan Bera Berak abantaila zuen joanekoan, etxean, 30-26 irabazi baitzuen. Hala ere, sistema berri honekin, lau goleko errenta horrek ez zuen beste urteetan izan zezakeen indarra. Izan ere, Elxek irabazi izan balu –berdin zuen zenbateko abantailarekin–, luzapena behartuko zukeen.
Donostiarrak horren jakitun ziren eta NAIZ Irratirako egindako elkarrizketa batean Maitane Etxeberriak inor baino ederkiago laburbildu zuen taldea zein sentsaziorekin abiatu zen Elxera: «Ez goaz lasai, baina bai lasaitasun puntu batekin, galduz gero, luzapena baitugu».
Ezer galtzeko ez zuena Elx zen. EHF European Cup irabaztetik zetorren eta taldeak historia egiten jarraitu nahi zuen dobletea lortuz, klubean hamar urte pasa dituen Ekaterina Zhukova bezalako jokalariari agur esateko. Eta lehen zatian oso nabaria izan da egoera hori pistan. Super Amara Bera Berak, oso arraroa bada ere, baloi ugari galdu ditu –bost lehen zatian– eta Mariane Fernandes ez da oso fin ibili jaurtiketetan. Egia da brasildarrak 0-2koa ipini duela golatzar batekin bere taldea pasiboarekin jokatzen ari zenean, baina minutuak aurrera egin ahala, ez da hain fin ibili. Eskerrak atean Maddi Aallak bost geldiketa egin dituen lehenengo ordu erdian bere taldea eusteko. Eta adi bizkaitarraren bigarren zatiari.
Baina lehen zatian, orokorrean, Elx hobeto aritu da. Arrazoi nagusia bi izan dira: Danila Patricia So Delgado –5 gol egin ditu lehen ordu erdian– eta Nicole Morales atezaina –9 geldiketekin–. Katalanak era guztietan atera du baloia, Bera Berako jokalariak desesperatzera helduz (atsedenaldira 15-11 iritsi dira).
Orkestraren afinazioa
Bigarren zatian emozioak borborka aritu dira alde batera eta bestera. Imanol Alvarezek minutuak eman nahi izan dizkio atean taldea utziko duen Alice Silvari. Baina gaurkoan protagonistak beste bi atezainak izan dira. Elxen, Nicole Moralesek sekulako lana egin du donostiarren golak saihesteko eta 14 geldiketekin amaitu du norgehiagoka.
Talde gipuzkoarrak, ordea, ez du amore eman, eta eskerrak. Carmen Arroyok oso ondo eutsi du taldea, penaltiz lau gol sartuta (23-20), eta tartean Bera Berak 0-7ko partzial bat sinatu du markagailuari buelta emateko (23-25).
Orduan iritsi da denboraldiko azken partidako minuturik onenak, edo emozio gehienekoak behintzat. Super Amara Bera Bera utziko duten jokalariek ez dute hutsik egin golarekin. Mariane Fernandesek, adibidez, azkenean asmatu egin du ate aurrean; Lydia Blancok ere zapore gozoarekin agur esan nahi izan dio klubari –23-24koa eta 23-25ekoa bereak izan ziren, adibidez–.
Taldea utzi ez, baina Maitane Etxeberria, Alba Menendez, Lyndie Tchaptchet –7 gol sartu ditu nafarrak–, Anne Erauskin, Elke Karsten, Esther Arrojeria, Laura Hernandez edo Giuliana Gavilan bezalako jokalariek ere euren zigilua eta esfortzua utzi dute, gehienbat Pipy Wolfs aurkariak 26-26 eta 27-27koa egin dituenean.
Hala ere, Imanol Alvarez orkestrako zuzendariak dena ondo prestatu, jokalariek ondo afinatu eta Elxen azken jaurtiketan, ia denbora agortuta, musika ederrena jo du Maddi Aallak, historian geratuko den sekulako geldiketa eginda. Zorionak Bera Bera!
PARTIDAKO FITXA:
27 - Atticgo Balonmano Elx (15+12): Nicole Morales (1); Do Nascimento (2), Maria Flores (1), Wolfs (3), Paola Bernabe (1), Patricia Mendez eta Oppendal (2) -zazpikoa- Danila So Delgado (7, 1p), Van Zijl (2), Zhukova, Zaira Benitez (4), Clara Gasco (2), Celia Guilabert (2), Carratu (ps), Nuria Andreu eta Kelly Rosa.
27 - Super Amara Bera Bera (11+16): Aalla; Etxeberria (2), Mariane Fernandes (3), Lindie Tchaptchet (7), Laura Hernandez (1), Boada (2p) eta Arrojeria (2) –zazpikoa- Gavilan, (1) Alice Fernandes (ps), Alba Menendez (1), Cavo, Karsten, Carmen Arroyo (5, 4p), Loidi, Lydia Blanco (1) eta Erauskin (2).
Epaileak: Oyarzun Aylagas eta Zaragueta Ruiz (Nafarrak). Bi minutu kaleratu dituzte Maria Flores Elxetik, eta Karsten, Etxeberria eta Alba Menendez Bera Beratik.
Partzialak bost minuturo: 1-2, 3-4, 6-7, 8-7, 12-9, 15-11 (atsedenaldia); 17-13, 20-16, 23-19, 23-21, 23-25 eta 27-27 (amaiera).
Gertakariak: Ligako azken partida. 1.500 zale gerturatu dira Elxeko Esperanza Lag pabilioira.