INFO

Eskuin muturraren aurrean «langile boza aktibatzera» deitu du LABek E9rako

LAB sindikatuak «langile boza aktibatzera» deitu du datozen Europako hauteskundeei begira, eskuin muturraren aurrean «antidotorik hoberena» sindikalismo feminista eta antiarrazista delako. Gai honetan ardaztutako ‘Talaia’ aldizkariaren 17. zenbakia aurkeztu du sindikatuak.

‘Talaia’ren 17. zenbakian eskuin muturraren gorakada izan du hizpide LABek. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Eskuin muturraren gorakadak langile klasearentzat, emakumeentzat eta migranteentzat dituen arriskuak «nolanahikoak» ez direla nabarmenduz, LAB sindikatuak ekainaren 9ko Europako hauteskundeetan «langile boza aktibatzera» dei egin du.

Hala adierazi du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak astelehen honetan egindako agerraldi batean. Eskuin muturraren «olatuaren» aurrean sindikalismo feminista eta antiarrazista «antidotoa» direla nabarmendu du.

Aranbururen esanetan, eskuin muturrak «langileon desjabetzea, ekonomian sektore publikoaren esku-hartzea gero eta gehiago mugatzea, enpresa pribatuak sustatzea eta gainbeheran diren zerbitzu publikoak guztiz eraistea» ekarriko du.

Neoliberalismoak langile klasearen zatiketa eta atomizazioa eragin duela salatu dute, indibidualizazioa bultzatu duelako eta kolektibotasunaren garrantzia lausotu delako. «Horretaz baliatzen da eskuin muturra, mezu errazak erabiliz, bere ideia eta molde erreakzionarioak ezartzeko, eta ez du erreparorik gezurren errealitatea faltsutzeko», azaldu du Aranburuk.

Nazioarteko aliantzak «sendotzen» ari direla eta honek agenda politikoa «guztiz baldintzatzen» duela ohartarazi badu ere, Euskal Herrian «olatu erreakzionarioari» aurre egiteko zuntzan badaudela esan du, «klase sindikalismo indartsua, kontrabotere izaera sendoarekin».

«Egin dezagun migrazio politika arrazisten, zerbitzu publikoen eraispenare, eskubide sozialen inboluzioaren eta gerren aurka. Egin dezagun demokrazia eta burujabetzaren, justizia sozialaren, trantsizio ekosozialaren edo feminismoaren alde», aldarrikatu du Garbiñe Aranburuk.

‘Talaia’ aldizkariaren 17. zenbakia

Eskuin muturraren gorakadari, hain zuzen, erreparatu diote astelehen honetan bertan aurkeztu duten ‘Talaia’ aldizkariaren 17. zenbakian.

Europako eskuin muturrean aditua den Alba Sidera kazetariari elkarrizketa eta Raul Zelik idazle alemaniarrak bere herrialdeko joera erreakzionarioen analisia jasotzen dira aldizkarian. Ikuspuntu ekosozialistatik, Joana Bregolay aktibistak ekofaxismoari buruz idatzi du eta Andoni Olariaga filosofoak eta Jonathan Martinez idazleak ere parte hartu dute.