‘Bilbao-New York-Bilbao’ nobela, berrehun bat irakurleren ahotsean
200 lagunek, denak euskal gizarteko esparru guztietako ordezkariak, hartu dute parte goizean zehar Bilboko Arriaga antzokian egin den Kirmen Uriberen ‘Bilbao-New York-Bilbao’ nobelaren irakurraldi etenik gabean. NAIZ ere bertan izan da, Sonia Respaldiza lankideak ordezkatuta.
Bilbok bat egin du ostegun goizean Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu ohi duen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen XVII. edizioarekin. Ekimenaren protagonista Kirmen Uriberen ‘Bilbao-New York-Bilbao’ izan da, eta idazle ondarroarra bertan izan da.
Goizeko lehenengo ordutik hasita egin da irakurraldia Arriaga antzokian. Euskal gizarteko arlo guztietako ia 200 partaideren artean; Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Udalbatzako kideek ere hartu dute mikrofonoa.
Zuzeneko irakurketa bideo proiekzioekin txandakatu da. Bideo horietan, Bilboko institutuetako ikasleak agertzen dira irakurtzen, baita diasporako kideak eta munduan zehar dauden 50 euskal etxeetako euskara ikasleak ere.
Ekitaldia zuzenean ikusi ahal izan da Arriaga plazan jarritako pantaila erraldoi batean eta EITBren webgunean. Bestalde, Metroaren Abandoko eta Zazpikaleetako geltokietan aurreko edizioetako argazkiak eta kartelak jarri dira ikusgai egunotan.
‘Bilbao-New York-Bilbao’ eleberria eta haren egile Kirmen Uribe hautaturik, edizio honek erreibindikatu nahi izan du euskal idazleak nazioartean ere badaudela eta haien lanak hizkuntza askotan irakurtzen direla gaur egun. Kirmen Uriberen eleberri hau dagoeneko 13 hizkuntzatara itzuli da.
Aurreko urteetan beste lan batzuk irakurri dira: ‘Kristalezko begi bat’ (Miren Agur Meabe), ‘Martutene’ (Ramon Saizarbitoria), ‘Gero’ (Pedro de Axular), ‘Peru Abarca’ (Juan Antonio Mogel), ‘Haur besoetakoa’ (Jon Mirande), ‘Hamaika pauso’ (Ramon Saizarbitoria), ‘Zergatik panpox’ (Arantxa Urretabizkaia), ‘Obabakoak’ (Bernardo Atxaga), ‘Harri eta herri’ (Gabriel Aresti), ‘Narrazio guztiak’ (Joseba Sarrionandia), ‘Metamorfosia’ (Franz Kafka), ‘%100 Basque’ (Itxaro Borda), ‘Kresala (Txomin Agirre), ‘Otto Pette’ (Anjel Lertxundi), ‘Ipuin hautatuak’ (Mariasun Landa) eta ‘Linguae Vasconum Primitiae’ (Bernat Etxepare).