EH Bilduren aldeko botoa eskatu dute gazteek «faxistek gure etorkizuna ez baldintzatzeko»
Hainbat gaztek agerraldia egin dute Eibarren EH Bildurentzat botoa eskatzeko, «faxistek, arrazistek, matxistek eta homofoboek gure oraina eta etorkizuna ez baldintzatzeko». «EH Bildu bozkatuko dugu feminista, antifaxista eta euskalduna den boto bakarra delako», dio Edurne Benito del Vallek.
«Euskal gazteok ez dugu onartuko faxistek, arrazistek, matxistek eta homofoboek gure oraina eta etorkizuna baldintzatzerik. Ez dugu eskubideetan atzerapausu bat bera ere onartuko eta ultraeskuindarrei, atzerakoei eta aldaketa klimatikoaren ukatzaileei aurre egingo diegu. EH Bildu bozkatuko dugu, besteak beste, min gehien ematen dien botoa delako».
Hala adierazi du Edurne Benito del Valle EH Bilduren legebiltzarkideak Eibarren ostegun honetan egindako agerraldia. Bertan hainbat gazte bildu dira igandean Europako Parlamenturako hauteskundeetan EH Bilduren aldeko botoa eskatzeko.
«Etxebizitza eskubidearen alde eta soldata duinen alde. Esperantzarekin eta Euskal Herrian irribarre koloretsua marrazteko, igande honetan euskal gazteok EH Bildu bozkatuko dugu feminista, antifaxista eta euskalduna den boto bakarra delako. Berme bakarra delako, berriro egingo dugu. Gazte independentiston harrotasuna eta Europan gure nahi eta eskubideak defendatuko dituen ahots baten aldeko botoa, EH Bildu baita ordezkatu eta defendatzen gaituen indar politiko bakarra. Harrotasunaren bozka EH Bildurena da», azpimarratu du Benito del Vallek.
Europa, «bidegurutzean»
Halaber, Europa «bidegurutze batean» aurkitzen dela gogoratu dute bildutakoek, «munduaren ordena bezala, noraezean baitago».
«Gerra da, gaur gaurkoz, Europak bizi duen gaixotasunaren sintoma nagusia. Eta kausa argia da: neoliberalismo heteropatriarkalaren eta batzuen eta besteen diru eta botere gosea. Gazteok ez dugu mundu honetan, ez modu honetan bizi nahi. Horregatik, argi eta ozen esan nahi dugu beste mundu baten aldeko borrokara atxikitzen garela. Honetarako, ezinbestekoa deritzogu: Palestinan bezala munduko herrietan ematen ari diren gerrekin bukatzea, genozidioarekin amaitzea. Eta Euskal Herria harrera herria eta elkartasunean erreferente izan dadin lanean jarraitzea. Gure konpromisoa argia da», nabarmendu dute.