‘Kaioen ordua’, Alardea gaitzat duen Ibon Martinen eleberri beltza euskaratu du Aiora Jakak
Ibon Martinek sortutako Ane Cestero Ertzaintzako buru den pertsonaiean oinarritutako bigarren eleberria euskara ekarri du Aiora Jakak: ‘Kaioen ordua’. Hondarribian kokatu du oraingo honetan eleberria, eta Alardeari lotutako krimen matxistak ditu oinarri.
Eleberri beltzak tokia abiapuntutzat hartuta idatzi ohi ditu Ibon Martinek, baina kontrako norantzan idatzi zuen ‘Kaioen ordua’. Hondarribiko Alardeak betidanik txunditu izan omen du, eta bertan gertatzen zena salatzearen ideia oinarri hartuta hasi zen eleberria idazten. Orain euskaraz ere irakurgai dago, Aiora Jakak euskaratu baitu.
Ane Cesterok gidatzen duen Ertzaintzako taldeari egokitutako kasua kontatzen da liburuan; ‘Tulipen dantza’ eleberriko talde bera. Kasu honetan, irailaren 8an, Alardearen egunean, Jaizkibel konpainia mistoan desfilatzen doan emakume bati labankada bat sartzen dio plastiko beltzen atzetik norbaitek. Krimen matxista gehiago gertatuko dira horren atzetik, eta horiek ikertzea izango du helburu Cesterok.
Ostegun goiz honetan egin dute idazleak berak eta itzultzaileak euskarazko bertsioaren aurkezpena, Donostian. Jakak azaldu duenez «plazer bat da Ibonen itzultzaile partikularra izatea», izan ere, Martinen liburuetatik euskaratu diren guztiak Jakaren eskutik itzuliak izan dira. Kontatu du ez zaiola bereziki zaila egin itzulpen lana, gazteleraz idatzita badago ere Euskal Herriko paisaian eta kulturan «oso errotuta» dagoen istorioa delako, «gertu gertukoak diren gauzak kontatzen ditu».
«Alardearen gaiak beti harritu izan nau eta gertatzen dena salatu beharra sentitu nuen» kontatu du idazleak, eta lehen aldiz istorioa pentsatzen hasi eta gero kokalekura jo zuela azaldu du. «Opari bat izan da Txingudin kokatzea, inguru horretan eleberri bat idazteko eszenatoki pila bat daude», esan du.
Ane Cestero da kasua ikertuko duen Ertzaintzako burua eta eleberriko pertsonaia nagusia. «Eroso sentitzen naiz pertsonaia horren azalean», kontatu du. Gaztea, berezia eta idealista gisa definitu du pertsonaia nagusia. Bestalde, alardean desfilatzen ari den neskaren larruan jartzea «gogorra» egin zaiola aitortu du, atal horiek idazteko enpatia asko landu duela eta horregatik gogorra egin zaiola adierazi du.
Furgoneta batetik
Mendiguren editoreak aurkezpenaren hasieran idazlearen dohaiak errepasatu ditu eta horien artean iraganean egindako bidaia gidek utzitako arrastoa azpimarratu du. Izan ere, tokiek protagonismo handia dute Martinen eleberrietan, eta azken hau ere ez da salbuespena; «gustatzen zait irakurlea han sentitzea», azaldu du.
Deskribapenek pisu handia dute ‘Kaioen ordua’ liburuan, eta hori lortzeko idatzi bitartean Hondarribira eta inguruetara bidaia dexente egin zituela kontatu du: «Furgonetan idatzi nuen eleberri hau, Donostian nuen aparkatuta furgoneta eta kanpokaldera mahaitxo bat ateratzen nuen. Baina Hondarribira joan behar nuen lekuen xehetasunen bila, pandemia garaia zen eta ezin zen, baina argitaletxeak baimena sinatu zidan, egun horietan nire lana Hondarribian egin behar bainuen, ikustearekin ez da aski, usaindu eta entzun ere egin behar da. Ohore bat izan zen, egun horietan Hondarribiko jendea eta ni bakarrik egotea bertan».
Aitortu du landa eremuan kokatu ohi dituela bere istorioak, saiatu izan dela hiriguneetara eramaten baina ez duela lortu: «La Plata itsasargia leku ederra zen, isolatuta dago baina aldi berean herritik gertu».
Planifikazioa
Idazten hasi aurretik post-itekin osatzen du eskema Martinek: «Post-it gorriekin tentsio askoko kapituluak markatzen ditut, eta horiekin besteak. Izan ere, tentsio uneak liburuan zehar banatuta egotea bermatu behar izaten da». Eta ondoren hasten da idazten, jada non, noiz, zer etabarrak zehaztuta.
Aurrez zehazten duen beste gako bat gaiztoarena izaten da, «gaiztoaren paperetik asko enpatizatu behar duzu inoiz enpatizatuko ez zenukeen pertsonekin, beraien buruetan beti egoten da justifikazio bat gaiztoa izateko», azaldu du. Baina bere ustez garrantzitsuena gaiztoaren pertsonaia hasieratik agertzea da, «agertzea baina ezkutatuta», zehaztu du.
Martinen idazkera ulerterraza dela aitortu dute aurkezpenean bildutako kideek eta euskarara ere horrela ekarri izana eskertu dio idazleak Jakari: «Niri disfrutatuz irakurtzea gustatzen zait, lasai, azkar eta eroso irakurri ahal izatea; eta horregatik ahalegintzen naiz horrela idazten».
Aurkezpenaren amaieran asmo berrien berri ere eman du idazleak. Pertsonaia protagonista Ane Cestero duen sailaren hirugarren eleberria laster argitaratuko da gazteleraz, eta euskarara ekartzeko asmoa dutela kontatu du; eta bestetik, saila itxiko duen laugarren eleberriarekin dabil lanean.
Bere liburuetan oinarritutako film edota telesaila egin daitekeela konbentzitutako dago, Euskal Herria horretarako eszenatoki bikaina dela esan du, eta ekoiztetxe bati baino gehiagori proposatu dien arren, oraindik ez duela baiezkorik jaso azaldu du.