INFO

Munduan dauden lau haurretatik bat elikadura pobrezia larrian bizi da, Unicefen arabera

Unicefek ohartarazi duenez, munduan dauden lau haurretatik bat elikadura pobrezia larrian bizi da, desberdintasunek, gatazkek eta krisi klimatikoak eraginda. Elikadura pobreziaren maila horretan bizi diren haurrek aukera gehiago dute  hilgarria izan daitekeen desnutrizio motaren bat jasateko.

181 milioi haur inguru elikadura pobrezia larrian bizi dira. (Ebrahim HAMID | AFP)

Munduan, 5 urtetik beherako 181 milioi haur inguru –lautik bat– elikadura pobrezia larrian bizi dira, eta horrek %50ean handitzen du emaziazioa, desnutrizio modu hilgarria, pairatzeko aukera, Unicefek egindako ‘Haurren elikadura pobrezia: nutrizio gabezia lehen haurtzaroan’ txostenaren arabera.

Txosten honek ia 100 herrialdetan eta diru-sarreren araberako talde guztietan, munduko biztanleria gazteenaren artean, elikadura gabeziak dituen ondorioak eta kausak aztertzen ditu. Dokumentuak ohartarazten du 5 urtetik beherako milioika haurrek ezin dutela elikadura elikagarria eta askotarikoa lortu edo kontsumitu, lehen haurtzaroan eta ondorengo etapetan hazkunderik eta garapenik onena mantentzeko.

Definitutako zortzi elikagai taldeetatik birekin soilik elikatzen diren haurrak elikadura pobrezia larrian bizi direla ondorioztatzen da. Haur horien artean, bostetik lau amaren esnearekin edo esnekiekin soilik elikatzen dira, eta almidoi ugari duen oinarrizko elikagai batekin, hala nola arrozarekin, artoarekin edo gariarekin. Horien %10 baino gutxiago fruta eta barazkiez elikatzen da, eta %5 baino gutxiago, berriz, elikagai aberatsez, hala nola arrautzez, arrainez, hegaztiez eta haragiz.

«Elikadura pobrezia larrian bizi diren haurrak muturreko egoeran daude. Oraintxe bertan, hori da milioika haur txikien errealitatea, eta horrek ondorio negatibo atzeraezinak izan ditzake haien biziraupenerako, hazkunderako eta garunaren garapenerako», adierazi du Catherine Russell Unicefeko zuzendari exekutiboak.

«Egunean bi taldetako elikagaiak (arroza eta esne pixka bat, adibidez) soilik kontsumitzen dituzten haurrek %50 aukera gehiago dituzte desnutrizio modu larriak pairatzeko», gaineratu du.

Txostenak ohartarazi duenez, herrialdeak oraindik covid-19aren pandemiaren inpaktu sozioekonomikotik suspertzen ari diren testuinguru batean, desberdintasunen, gatazken eta krisi klimatikoaren ondorioek elikagaien prezioa eta bizitzaren kostua inoiz ez bezalako mailetara igo dituzte.

Elikadura pobrezia larrian dauden 181 milioi haurren %65 hogei herrialdetan soilik banatzen da. 64 milioi haur inguru daude Hegoaldeko Asian, eta 59 milioi Saharaz hegoaldeko Afrikan. Somalian, adibidez, gatazkek, lehorteek eta uholdeek eragindako herrialdean, haurren %63 elikadura pobrezia larrian bizi dira, eta komunitate ahulenetan, zaintzaileen %80k baino gehiagok adierazi zuten beren seme-alabek ezin izan zutela egun oso batez jan.

Egoera «katastrofikoa» Gazako Zerrendan

Gazako Zerrendan, Israelgo erasoek eta laguntza humanitarioaren murrizketek elikadura eta osasun sistemen kolapsoa eragin dute, eta, Unicefen esanetan, ondorio «katastrofikoak» eragin dituzte haurrentzat eta haien familientzat.

2023ko abendutik 2024ko apirilera bitartean egindako bost datu bilketetan sistematikoki egiaztatu zen Zerrendako hamar haurretatik bederatzi elikadura pobrezia larrian daudela eta egunean bi elikagai talderekin edo gutxiagorekin bizi direla. Horrek guztiak erakusten du gatazkak eta murrizketek eragin ikaragarria dutela familiek beren seme-alaben elikadura premiei erantzuteko duten gaitasunean, eta errealitate horrek haurrak hilgarria izan daitekeen desnutrizio arriskuan jartzen dituen abiaduran.

Txostenak erakusten duenez, haurren elikadura pobrezia larriaren kasuen erdia inguru (%46) etxekoen unitate pobreetan gertatzen da, non familien diru-sarra murritzak diren faktore mugatzaile nagusiena, eta %54, hau da, 97 milioi haur, nahiko aberatsagoak diren etxeetan bizi da, non elikadura ingurune prekarioak eta elikadura jardunbide txarrak ematen ari diren.

Hainbat faktorek larriagotzen dute haurren elikadura pobreziaren krisia; besteak beste, elikadura sistemek ez diete aukera elikagarririk, segururik eta eskuragarririk ematen haurrei; familiek elikadura osasuntsua ahalbidetzeko duten ezintasuna; eta gurasoek haurren elikadura praktika positiboak adoptatzeko eta mantentzeko duten ezintasuna.

Testuinguru askotan, edari azukredunak eta elikagai ultra prozesatuak, merkeagoak, nutrienteetan baxuak eta osasungarriak ez direnak, estrategia komertzial indartsuekin komertzializatzen dira  eta haurren elikaduraren normaltasuna bihurtzen ari dira. Elikadura pobreziako egoeran bizi diren haurren proportzio kezkagarri batek elikagai eta edari ez-osasungarri horiek kontsumitzen dituzte, eta elikagai erregimenetatik elikagarriagoak eta osasungarriagoak diren beste produktu batzuk baztertzen dituzte.

Aldi berean, arrakastak nabarmenak izan dira mundu osoan. Burkina Fason, adibidez, haurren elikadura pobrezia larriaren prebalentzia erdira jaitsi da, 2010ean %67 izatetik 2021ean %32 izatera igaro zen. Nepalen ere hobekuntza nabarmena izan da, 2011n %20 izatetik 2022an %8 izatera igaro dira. Perun, ordea, tasa %5etik behera mantendu da 2014tik, nahiz eta gainbehera ekonomikoko aldi luze bat izan, eta Ruandan 2010ean %20 izatetik 2020an %12 izatera igaro dira.

Unicefek egindako proposamenak

Haurren elikadura pobreziari amaiera emateko, Unicefek dei egiten die gobernuei, giza eta garapen erakundeei, emaileei, gizarte zibilari eta elikagaien eta edarien industriari elikadura sistemak eraldatzeko, haurrak elikatzeko orduan elikagai nutritiboak, askotarikoak eta osasungarriak merkatuan topatu daitekeen aukerarik eskuragarriena eta desiragarriena izateko.

Halaber, proposatu du osasun sistemak baliatzea oinarrizko nutrizio zerbitzuak emateko, lehen haurtzaroko desnutrizioa prebenitzeko eta tratatzeko, batez ere osasun eta nutrizio agente komunitarioei laguntzeko zerbitzuekin, gurasoei eta familiei aholku emateko haurren elikadurari eta zaintzari buruz.

Eta gizarte babeseko sistemak aktibatzea eskatu du diru-sarreren pobreziari aurre egiteko gizarte transferentzien bidez (eskudirua, txartelak eta elikagaiak), haur kalteberen eta haien familien elikadura eta nutrizio beharrei erantzuteko.