Udaberri eta Nafarroako Foru Komunitateko txapelketetako finalak, asteburu honetan
Ados pilotako finalean Mitxoletek (Ruiz de Larramendi, Mendiburu, Iturriaga eta Uxue Fernandez) eta Kukuprakek (Mujika, Ruiz de Infante, Etxekolonea eta Sebastian Lizaso) neurtuko dituzte indarrak eta Master Cup zirukuitoaren barruan Garai-Erasun eta Arraiza-Gaminde lehiatuko dira, Labriten.
Udaren atarian, sasoiko azken txapelketak jokatuko dituzte Ados Pilota eta Emakume Master Cup zirkuituan dabiltzan emakume pilotariek. Larunbatean, Azpeitian, Udaberriko Txapelketaren finala jokatuko dute Mitxoletek (Ruiz de Larramendi, Mendiburu, Iturriaga, Uxue Fernandez) eta Kukuprakek (Mujika, Ruiz de Infante, Etxekolonea , Sebastian Lizaso) Azpeitiko frontoi txikin, arratsaldeko 18.00etatik aurrera eta igande goizez, 10.45etatik aurrera, Nafarroako Foru Komunitate Txapelketaren lau final jokatuko dituzte Iruñeko Labriten, tartean, pilota mistoko eliteena non, Garai-Erasun eta Arraiza-Gaminde lehiatuko diren txapelaren bila.
Udaberri txapelketa taldeka jokatzen den bakanetako bat da eta taldeak hiru pilotari eta entrenatzaile/botilero lanetan aritzen den bertsolari banak osatzen dute eta binakako eta lau eta erdiko partida bat jokatu behar izaten dute. Bi taldeak sasoi puntu ederrean heltzen dira final honetara eta ligaxkan eta Donamarian jokatu zuten jardunaldian gauzak oso orekatuak izan ziren. Ikusi egin behar orduko estrategia berak erabiltzen dituzten bi taldeek, entrenatzaileek binaka eta kaiolan ariko diren pilotariak aukeratzeko modua baitute.
Lau final Labriten
Igandean Labriten lau final; pilota goxokoa eta pilota mistoko gazte, promesa eta eliteena, jokatuko dira jaialdi oso konpleto batean. Final nagusian Garai-Erasun eta Arraiza-Gaminde lehiatuko dira, ezbairik gabe, txapelketako bi bikoterik indartsuenak.
Gorrien artean, Leire Garai aparteko sasoia dago, eta Labriten jarraikortasuna eman nahiko dio Itxaso Erasunen laguntzarekin. Azken hilabeteetan aurrera egin du gipuzkoarrak eta Master Cup zirkuituko bere bigarren finala jokatuko du jarraian, Olatz Arrizabalagarekin batera Binakako txapela jantzi ondoren. Oso partida zaila izango du Enara Gaminderen aurka, zalantzarik gabe, egungo atzelaririk onena, TCFN honetako bere partida guztietan erakutsi duen bezala. Laukizkoak Miriam Arraizaren laguntza paregabea izango du, berme osoko aurrelaria baita gipuzkoarra.